Iaz baino 16.000 euro gehiago jasoko dituzte herriko 18 kirol klubek

elgoibarren.net 2008ko mar. 25a, 12:21

 
Udalak kirol klubei emandako diru-laguntzak %84,88 igo dira iazkoarekin konparatuta. Aurten 30.000 euro (16.227 euro iaz) bideratuko ditu Udalak herriko 18 kirol kluben jarduera diruz laguntzeko.
  • Kirol ekitaldietarako diru-laguntzak ere %56 igo dira.

 


Diru-laguntza handiena Sanlo eta C.D Elgoibar klubentzat

Eskuinetik hasita: Ricardo Garate, kirolaren ardura duen zinegotzia, Alfredo Etxeberria alkatea, Kirol Patronatuko lehendakariordea, Nekane Ortuoste, eta erakunde bereko zuzendaria, Ramón Mujika.

Sanlo eskubaloi taldea eta Elgoibarko C.D.a (bakoitzak bere ardurapean 200 pertsona inguru izanik) dira dirulaguntza gehien jasoko duten elkarteak, bakoitzak 6.465 euro inguru.

Bestalde, 40 x 15 tenis elkarteak 1.031 euroko diru-laguntza jasoko du; igeriketakoak 1.331; Lagunak pilota eskolak 1.842; areto futbolekoak 1.357; Lagun Taldeak (txirrindularitza) 2.456; Mintxeta atletismo taldeak 2.407; Urgazik (triatloia) 1.207; Zubi Ondok (ajedreza) 1.271; Txusko motozaleen elkarteak 1.326; Saskibaloi taldeak 722 eta Zarta arkulari taldeak 614 euro. Morkaiko mendizale elkartea eta Urbizi urazpiko elkartearen kasuan irizpideak ezberdinak izango dira “izaera ludikoagoa baitute”. Hala ere, mendizale elkarteak 1.000 euro jasoko ditu eta Urbizik 500.
      • Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen araudiaren arabera, elkarte bakoitzak diru kopuru bat jasoko du irizpide ezberdinak kontuan izanik, hala nola, Federazioko lizentzien kopurua, kirol taldeen maila, entrenatzaileen titulazioa, bazkide kopurua edota Eskola Kirolari egiten dion ekarpena.
      • Udaleko arduradunak apirilean bilduko dira kirol elkarteekin banan-banan euren kezka eta beharrak zeintzuk diren jakiteko.

Kirol ekitaldietarako diru-laguntzak

Juan Mugerza Nazioarteko krosa.

Kirol ekitaldietarako ere 71.050 € bideratuko ditu Udalak, 2007ko 45.300 €ak baino % 56,84 gehiago.
  • Udalak diruz lagunduko duen Nahaste Borraste probaz gain, badira beste batzuk ere, adibidez, Ikastolak antolatzen duen haur krosa, jaietako eskubaloi partidua edo San Antonetako pilota txapelketa. Mugerza krosa da dirulaguntza handiena jasoko duena, 25.000 euro hain zuzen ere (2007an baino 10.000 euro gehiago).