Altzolako etxetik segituan alde egiteko eskatu die Udalak okupei

elgoibarren.net 2008ko mar. 25a, 15:21

Altzolako Aurretxe etxearen zati bat erori ondoren (martxoaren 9an), etxea segituan lagatzeko eskatu die Elgoibarko alkateak errumaniar jatorriko okupei.
Bertan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak inondik inora ez direla betetzen eta erabakirik zuhurrena etxea hustea dela ondorioztatu zuten Udal teknikariek etxearen egoera aztertzen jardun eta gero.

 

Segituan etxetik alde egiteko eskatu die Udalak duela hilabete batzuk bertan finkatu ziren errumaniarrei. Alabaina, ez da agindu bat,”jakinarazpen bat baino ez”, zehazten du Alfredo Etxeberria alkateak. “Udalak ez dauka eskumenik okupak etxea lagatzera behartzeko, aginduak epaitegietatik atera behar baitu. Etxejabeek salatu dute okupazioa, baina ez dute beharrezkoa den  irtenarazte agindurik eskatu”.
Hortaz, gauzak horrela, Udalak arazoan esku hartu eta etxejabeei eskatu die okupen inguruko salaketak tramitatzen dituen Eibarko instrukziozko bigarren epaitegiaren aurrean beharrezko neurriak eskatzeko.

Alkateak aurreratu duenez, bizilagun errumaniarrek Udalaren jakinarazpena erantzuten ez badute, Udalak berak zuzenean eskatuko dio epaileari utzaraztea egin ahal izateko agindua emateko. Batez ere, bertan bizi diren lagunentzat dagoen “arrisku biziagatik”, gaineratu du Udaleko buruak.

 

  Lotura duten albisteak: