Elgoibar - Orio Herriarteko Eskupilota Txapelketako lehen kanporaketa

elgoibarren.net 2008ko api. 18a, 11:54

 
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa-Kutxa Sariko lehenengo kanporaketan oriotarrak izango dituzte aurrez aurre pilotari elgoibartarrek.
Joaneko partidak Elgoibarren jokatuko dira apirilaren 25an (barixakua), 22:00etatik aurrera, eta itzulerakoak Orion maiatzaren 4an. Iaz egindako lan duina errepikatzea, edo hobetzea, dute helburu pilotari elgoibartarrek.


Iaz ezustekoa emateko zorian egon ziren pilotari elgoibartarrak. Final zortzietako kanporaketan, azkoitiarren aurka neurtu zituzten indarrak, txapelketa irabazteko faborito historikoa (16 bider irabazi dute). Herri bakoitzak hiruna partida irabaztea lortu zuen, baina tanto kopuruan lortutako aldeak (+23) eman zion sailkapena Azkoitiari. Arrasatek, azkenean txapela jantzi zuen taldeak, kanporatu zuen finalaurdenetan Azkoitia. 

Txapeldunen zerrenda (egin klik handiago ikusteko)

Eguaztenean (apirilak 16) aurkeztu zen, Miramongo Zientziaren Kutxagunean, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa-Kutxa Saria. Aurkezteaz gain, kanporaketen zozketa ere egin zuten. Eskuko txapelketa (41. edizioa) apirilaren 27ko asteburuan hasiko da. Finala ekainaren 22an, igandea, jokatuko da. Aurtengo edizioan, gora egin du parte-hartzaileen kopuruak. Eskuz 26 herri lehiatuko dira, iaz baino 4 gehiago (Idiazabal ez da aurten ariko, baina bost herri berri dira: Amezketa, Berastegi, Lizartza, Urnieta eta Zumarraga).
 
 
    Informazio gehiago: