Mikel Urdangarinen kantaldia, gaur, Herriko Antzokian

elgoibarren.net 2008ko api. 18a, 12:57

 
Gaur: Kantautore bizkaitarrak bere bederatzigarren diskoa, “Anek idatzi dit zutaz” aurkeztuko du gaur (apirilak 18) Herriko Antzokian izango den kontzertuan (22:15). Elgoibarren eskainiko duen hirugarren kontzertua izango da.

 
 
 

Azken diskoko abesti batzuk Mikel Urdangarinek berak idatzi ditu baina beste abesti batzuen letrak bertsolari eta idazle ezagunek egindakoak dira, Jon Maia, Unai Iturriaga, Iñaki Aurrekoetxea, Igor Elortza... Azken bi urteetako bizipenak, bereak eta inguruko jendearenak, bildu ditu musikariak lan honetan.
Sarrerak geratzen dira 
Bide honetik doa sarreren salmenta, Euskara Batzordetik jakinarazi dutenez erdiak baino gehiago saldu dituzte jadanik, gehienak herriko jendearen artean. Sarrerak leihatilan eskuratu daitezke kontzertua hasi aurretik 7 euroren trukean. 
 
Urdangarinen hirugarren bisita
Gaurkoarekin, Elgoibarren ematen duen hirugarren kontzertua izango da Mikel Urdangarinentzat. Aurrez, 2003an eta 2005ean etorri zen.
Udalaren Euskara Batzordeak antolatutako kantaldian zuzenean parte hartuko duten taldeko kideak honakoak dira: Rafa Rueda (gitarra elektrikoa), Bingen Mendizabal (biolina), Nika Bitchiashvili (biolina), Saihela (bateria), Koldo Uriarte (teklatua) eta Mikel Urdangarin bera (ahotsa eta gitarra).