Hankaluze izateak baditu bere desabantailak ere, ez pentsa dena arrosa kolorekoa denik. Familia bazkari bat egitean beti esango dizute “orain ere hazi egin haiz, laster sabaia igo beharko diagu”, “aita pasa duk eta!”, “zenbat, 2 metro jada bai?” edo horrelakoren bat. Arropak aurkitzeko orduan ere arazoak izaten ditut nik behintzat, badirudi ez naizela neurri estandarretan sartzen. Baina, autobus bidaiak dira niretzat sufrikario handienak.
Eserleku batetik besterako tarte txikian hankak sartzea ezinezko egiten zait askotan, eta tetrisa egin behar izaten dut nire gorputzarekin. Gainontzean, gustuko ditut autobus bidaia luzeak; lagunarteko elkarrizketak eta paisaia ezezagunak. Azken urtebetean gainera, hainbat bidaia egiteko aukera izan dut Haritz dantza taldearen espedizioen baitan: Cheste, El Vendrell, Bartzelona … Asteburu honetan berriz, Valladoliden izan gara dantzan, bertako Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta.
Bidaia ez zitzaidan egin uste bezain gogorra, bi eserleku hartzeko pribilegioa izan bainuen. Leihotik begira; iritsi bitarte, kolore desberdinak nahasten ziren urruneko paisaietan, mosaiko marroi-berdeak osatuz. Gaztela zabalean, lautadak amaigabe bihurtzen dira, tartean herri txiki marroiek bizitza ematen dietelarik. Helmugara iritsi baino lehen berriz, Dueñas dago, Palentzian. Bertan dago, La Moraleja, eta ez naiz ari Isabel Pantoja bizi den auzoaz. Seguru batek baino gehiagok badakiela zertaz ari naizen, bai bederen han egon behar ez lukeen mendaroar batek eta bere familiak. Eta moraleja? Ba, Ruperrek zioen moduan, euskaldun izatea zaila dela eta hobe dela munduko hiritar izatea.
Valladoliden ordea, are zailagoa da euskalduna izatea. Horren gertu egon arren, zenbat kostatzen zaigun elkar ulertzea gaztelar eta euskaldunoi! Bi herri, bi mundu eta bi irudi; guk haiekiko duguna eta haiek gurekiko. Baina leku denetan egoten dira estereotipoetatik ihes egiten duten “arraroak”, paisaia grisean lekuz kanpo dauden koloreak.
Eta, beren etxetik urrun egon arren, Valladolideko euskaldunek beren koloreak mantendu dituzte, ez dute direna ahaztu. Txokoko hormetan morriñaz jantzitako koadroak: ikurriña, Gernikako Arbola, paisaia berde bukolikoak … Horregatik, kili-kili berezi bat sentitu nuen barnean emanaldia bukatu eta denak txaloka hasi zirenean. Momentu batez beren lurrean daudela sentiarazteak soilik merezi ditu entseguetan botatako izerdiak.
Etxera itzulita, barnean geratuko zaizkigu oroitzapen gozoak. Ziur hemendik tarte batera, batek baino gehiagok esango diogula elkarri: “oroitzen al haiz Valladolidera egindako bidaia hartaz?” Horrelako gauzak ez baitira ahazten inoiz. Plazer handi bat izan da.