Udaletxe aurrean hasi zen omenaldia. Haritz Euskal Dantzari Taldeko dantzariek eta Udal txistulariek biktimen senideei ohorezko aurreskua dantzatu zieten.
Ondoren, Usuako parkera (Giza Eskubideen parkea) joan ziren omenaldian parte hartu zuten ia 500 lagunak; biktimen senideak eta Alfredo Etxeberria alkatea buru zirela.
Han minutu bateko isilunea egin zen eta bertan landatutako Gernikako arbolaren muskilaren oinetan loreak jarri zituzten Mari Carmen Araolazak eta alkateak.
Horren ondoren, Udaleko Pleno aretora igo ziren parte hartzaile guztiak. Alkateak biktimak gogoratzen zituen idatzia irakurri eta gero, Gemma Monreal margolari elgoibartarrak biktimen omenez egindako koadro bat zintzilikatu zuten bertan. Koadro hori, udaletxeko sarreran egongo da aurrerantzean. Hain zuzen, koadro horren tamaina txikiko erreplika bana eman zien Etxeberriak biktimen senideei oroigarri moduan.
Mari Luz Rojo, Patxi Zabaletaren alarguna, emozioari eutsi ezinik egon zen ekitaldi guztian zehar. Amaieran, “ekitaldi oso polita” izan zela azaldu zuen, baina omenaldiak barruak dantzan jarri zizkiola ere aitortu zuen, ”1988ko ekainaren 6an bizitakoak berriz gogora ekarri dizkit, telebistaz atentaturen baten berri ematen duten aldioro moduan” gaineratu zuen.
Azken egunetan Patxi Zabaleta eta gainerako omenduen aurka herriko kaleetan agertu diren kartelei jaramonik egin gabe, esker oneko berbak izan zituen Mari Luz Rojok Elgoibarko herriarentzat. “Beti sentitu dut jendearen babesa duela 20 urte ETAk senarra erail zuenetik, Ni eta nire semeak maite gaituztela erakutsi izan didate eta baita Patxi bera ere. Nik badakit nolakoa zen eta ezagutzen zutenek ere bai. Berdin zait lau katuk esaten dutena. Niretzako ez dira inor, ez dira existitzen ” esan zuen.
Mari Carmen Araolaza, Jaime Arreseren alarguna, ere emozionatuta azaldu zen eta horrenbeste urteren ondoren elgoibartarrek eskainitako babesa eskertu zuen honek ere. Jaime bere semeak azaldu zuenez, horrelako ekintzak egitearen aldekoa da. “Horrelakoetan ohikoa den moduan berandu” izan bada ere. “Egoera nazkagarri batean gaude, baina gaurkoa moduko ekintzak historiarako gordeta geratzen dira eta datozen belaunaldiek zer gertatu den jakiteko aukera izango dute” azaldu zuen.
∞ Lotura duten albisteak:
- Terrorismoaren biktimak gogoratzeko ekitaldia zapatuan egingo da (elgoiBARREN.net 2008-04-24)
Argazkiak: