Apraizko depuradora 2011n egongo da errendimendu betean

elgoibarren.net 2008ko mai. 3a, 11:53

 
Apraizko depuradora eraikitzeko lanetan izandako atzerapenak eta hasierako aurrekontua handitu izana onartu, eta horien arrazoiak azaldu ondoren, 2011. urtean egongo dela “errendimendu osoan” lan egiteko moduan aurreratu du Carlos Ormazabal Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamenduko diputatuak.
 


Efe agentziari eginiko adierazpenetan, “bi edo 3 urteko epean” beharrezko ur-hartune guztiak prest egongo direla uste du Carlos Ormazabalek. Deba ibarrean bizi diren 90.000 biztanleek sortutako ur zikinak “errendimendu osoan” harazteko moduan egongo da orduan Apraizko depuradora.
Egiteko geratzen diren lan nagusien artean, zenbait enpresetako ur-hartuneak amaitzea falta dela, batez ere, azpimarratu du Garapen Iraunkorreko Departamenduko diputatuak.

Depuradora berritzailea

1706641155518 Apraizko depuradora 2011n egongo da errendimendu betean

Apraizkoa depuradora berritzailea dela ere azpimarratu du Ormazabalek. Ohiko depuradorekin alderatuta, espazio gutxiago behar du eta gainera energia gehiago aurrezten du. “Energia gitxiago xahutu da instalazioa eraikitzerakoan eta martxan mantentzeko ere gutxiago beharko du”  baieztatu du foru-diputatuak.

Helburua, ez kutsatzea
Depuradoraren helburua etxe eta enpresetako ur zikinak hartu, tratatu, eta agente kutsakorrak kendu ondoren berriz ibaira bueltatzea dela gogoratu du Ormazabalek.
28.500 metro kubikoko 6 tanke dauzka Apraizko depuradorak eta Debabarrenako 90.000 biztanleren ur zikinak arazteko gai da, alegia, Soraluze, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Ermua eta Mallabiako bizilagunenak.