Udalak zahar etxe berriaren proiektuarekin erakutsitako jarrera kritikatu du Ezker Abertzaleak

elgoibarren.net 2008ko mai. 7a, 13:54

 
Udalak zahar etxe berria egiteko proposamenarekin kritiko agertu da Elgoibarko Ezker Abertzalea, batez ere, prozesua aurrera eramateko moduarekin.

 

  Ezker Abertzaleak prentsaurrekoan (argazkia) jakitera eman duenez, beraiek (Einbiouk) duela bi urte, 2006an, aditzera eman zuten zahar etxe berria eraikitzeko proposamenaren berri. Gainera, urte berean, txostenaren laburpena kaleratu zutela prentsaurreko batean diote (ikus hemen) eta ez dutela erantzunik jaso.

Udala etxea teilatutik egiten hasi dela salatzen dute, “inorekin adostu gabe aurkeztu dute proposamena. Guk, aldiz, gaiaren inguruan diharduten eragile guztien arteko akordioa proposatzen genuen, horretarako batzorde berri bat sortuz. Beraz, proiektua zehazteko eta garatzeko gonbitearen zain geratzen gara”.

Alkatearen “protagonismo nahia” ere salatzen dute, “prozesua eta aditzera emateko modua ikusita, gure ustez, alkateak protagonismo hutsa bilatzen du, elgoibartar guztiontzat hain garrantzitsua den gai batean. Hau al da demokratikoki jokatzea? edo ez al da izango marketing jokabidea, benetako arazoari aurre ez egiteko?” galdetzen dute.
Kritikak kritika, Ezker Abertzaleko ordezkariek Udalak euren proposamenarekin bat egiteaz poztu egiten direla ere azaldu zuten, "garrantzitsuena ez baita nork proposatzen duen, zer eta nola proposatzen den baizik".