Maltzagarako joan etorriak, aisialdirako baino ez du balio, ez da hau inora eramango gaituen bidea. Premia handiagokoa begitantzen zait adibidez, herriko ikastetxe, industrialde eta kirol istalazioak lotuko lituzkena. Konparazio baterako, ondorengo eraztun hau osatuko nuke bide gorriz:
Foruen Plaza - Instituto-Mekanika - IMH-Mintxeta - Albitxuri - Lerun - Arriaga - Ibaitarte - Herri Eskola - Santa Klara - Olaso - Foruen Plaza
Honek bai emango liguke aukera, aisialdirako ezezik, gure bizimodua aldatzen hasteko. Ez diogu bada kotxe gehiegi dabilela errepidean? Ez diogu bada gero eta zailagoa dela lana, aisialdia, familia bizitza uztartzea?
Herri honetan Industrialde asko ditugu, altzairu eta hormigoizko bazter itsusi eta mortuak. Bada garaia beste era batera planteatzeko gune hauek. Bide gorriak huskeria dira, guneoi autobus, tren edo tranbia geltokiak falta zaizkie, bertan geldituko diren autobus, tren edo tranbiekin. Guneoi Tamainako jangela publikoak, parkeak, haurzaindegi, zahar etxe, liburutegi eta kirol istalazioak falta zaizkie.
Ez dut ukatuko, herriek asko irabazi dute lantegiak hirigunetik kanpora aterata, baina lan eremuek eta langileek oro har, asko galdu dute bidean, zer esanik ez, lantokira ordubete baino gehiago egin behar duenak.
Gerorako Ermuaran eta Maltzagarako bide gorriak.