Iñaki Lazarobaster: "Merkatu globalean ez dugu zereginik: merkatu lokala izan behar dugu"

elgoibarren.net 2008ko mai. 8a, 14:06

 
Altzolaberaseta baserriko Iñaki Lazarobaster Gipuzkoako EHNE sindikatuko presidente aukeratu zuten urtarrilaren 20an. Kargu horrek orain denbora handia kentzen badio ere,  beti hartzen du astia hamaika lanetan jarduteko: behi, ardi, txerri, oilo zein oilasko artean eta baratzean. Izan ere, baserritar txikiek produkzio dibertsifikatua eta salmenta zuzena behar dutela uste du. Sindikatuko bere zereginen eta baserriaren egoeraren inguruan berba egin du Lazarobasterrek elkarrizketa honetan.

 


Gipuzkoako EHNE sindikatuko lehendakari kargua orain dela hiru hilbete hartu zenuen. Zer moduz?
Hiru hilabete dira hasi ginenetik. Lehen asteak komunikabideekin-eta nahiko okupatuta joan ziren. Exekutiban berri-berri gabiltza, hasteko asmoarekin. EHNE helburu hartuta, Gipuzkoako EHNE ondo antolatu nahi dugu, eta horretan gabiltza. Lan egiteko era edo antolatuta egoteko era ere berritzailea izatea nahi dugu. Gazteak gara denok, eta lehendik datozen inertziekin amaitu nahi dugu, berriekin hasteko asmoz. Noraeza ere badaukagu, baina poliki bagoaz pausoak ematen.
   
Zuzendaritzako berriko kide guztiak gazteak zarete. Zergatik?

Azken urteetan ikusi zen Gipuzkoako EHNEn nolabaiteko ulertu ezinak zeudela. Azken batean, dena berritzea onena izango zela erabaki zen. Hortik etorri zen jende berri eta gaztea sindikatuan sartzea, ordura artean egitura osoan kargurik eduki gabeko jendea. Eta hor gaude hamar gazte, hainbat bailaratakoak eta baserria ulertzeko era desberdinetakoak, neska eta mutil…

Harrigarria da, batez ere baserritar gehienak edadetuak direla kontuan hartuta…

Horrek ez du esan nahi gazterik ez dagoenik. Ez gaude asko, baina erronka polita da eta hor gaude lanerako gogoarekin.

Antolaketari eman diozue orain garrantzia, baina zeintzuk dira Gipuzkoako EHNEren lehentasunak?

Iñaki Altzolaberaseta baserriko (atzean) zelaian.

Lehen helburua etxeko lana egitea da, eta barrutik ondo antolatzea. Behar den moduan funtzionatzen duen egitura behar dugu. Aurrera begira dauzkagun helburuak kongresuan onartu ziren, eta nekazaritza politikako ponentzian idatzita zetozen. Lan ildoak bost dira: lehenengoa, baserritarraren lanaren errekonozimendua eta soldata duina lortzea; bigarrena, lurraren defentsa egitea eta hortik daukagun nekazaritza lur azalerari eustea; hirugarrena, baserriak baserritar gaztez betetzea; laugarrena, parekidetasuna, bai sindikatuan bertan eta sektorean ere bai; eta bosgarrena EHNEren lau sailetan lanketa berezia egitea (baratze-fruta saila, esne saila, haragi saila eta ardi saila).

Hamabost urtetan baserrien %85 galdu dira. Galerak ez du etenik?

Momentuz horrela jarraitzen du, eta kontuan hartu behar da azken hamabost hilabete hauetan egoera oso-oso larria dela pentsuak izan duen igoerarengatik. Abeltzainei produkzio kostuak asko igo zaizkie, batez ere pentsuenak, baina gainontzeko produktuenak-eta ere bai. Kortak hustutzen ari dira, batez ere haragitakoak. Kostuak igo dira, eta gure salmentako prezioa ez da igo: margenik ez da gelditzen eta, kasu askotan, ez da diru gutxi irabaztearen arazoa: zuloa egiten da.

Esne produkzioan ere aldaketak aurreikusten dira.

Europako Batasuneko esne kuotak 2015ean liberalizatuko direla aurreikusten da. Orduan, estatu  batzuek (Frantzia-eta adibidez) ez dute euren maximoa produzitzen, kuotara mugatzen dira, produkziorako leku aproposak izanda. Liberalizatzen bada, merkatu global horretan askoz ere konpetitiboagoak izango dira, eta oso zaila izango da hemen zerbait egitea.

Dena dela, esne sektorearen egoera okerragoa zen orain urte batzuk.
Orain dela hilabete batzuk esnearen prezioaren igoera bat egon zen bapatean, eta nahiko ondo etorri zen, urte asko eta askoan ez zelako horrelako igoerarik igo. Baina ordutik hona pentsuen prezioak asko egin du gora eta martxoko esnea Kaikuk bost pezeta gutxiago ordaindu du. Prezioak jaisten hasi dira. Eta jaisten jarraituko dutela iragarri dute.

1706641150359 Iñaki Lazarobaster: "Merkatu globalean ez dugu zereginik: merkatu lokala izan behar du

1706641150398 Iñaki Lazarobaster: "Merkatu globalean ez dugu zereginik: merkatu lokala izan behar du


Sektorearen egoera larria da, beraz.
Egoera oso zaila da. Kontu asko dira. Hemen nekazaritza ereduaren inguruko aldaketa lortu behar da, betidanik aldarrikatu izan den lurrari lotutako nekaritza. Merkatu globalean ez daukagu zereginik. Izan behar dugu merkatu lokala eta baserritarrak produkziora mugatu beharrean ziklo osoa osatzen saiatu behar dugu: produkzioa, elaborazioa eta salmenta zuzena. Salmenta zuzen horren bitartez lortu daiteke soldata duina. Bitartekari bat sartzen bada, berak eramaten du zatia soldata duin hori lortzeko.

Noren ardura da hori?
Nekazariaren ardura da, neurri batean, administrazioaren ere bai eta jendartearena ere bai. Baserritarraren lana ez da mugatzen produkziora. Elikadura ekoizten dugu baina, horrez gain, ingurumena ere kudeatzen dugu. Gipuzkoan lurraldearen %80 baserritarren esku dago. Baserritarrak beti egin duen lana da hori, baina oso errekonozimendu kaxkarra eman zaio. Bertako produktuak kontsumitzeak zer ondorio dakartzan kontzientzia hartu behar du jendarteak, eta bertakoak ez kontsumitzeak zer dakarren. Jendarteak kontzientzia hartzeko, EHNEk berak lana egin beharko du. Azken urteetan indar handia hartu dute azalera handiek, batez ere jende gaztearen artean. Alternatiba bat eskura ematea gure lana da.

Zer erreflexio egin beharko luke administrazioak?

Lehenengo eta behin, nekazaritza ereduaren inguruan erreflexio bat eskatzen diogu. Azken urteotan eraman duten politika horrek nora ekarri gaituen aztertu beharko luke, baita zelako dependentzia sortu den kanpoko lehengaien inguruan. Lehengai horiek gora egin dutenean, egoera oso zatarra ipini da. Lurrari lotutako nekazaritza horretan ahalik eta dependentzia gutxien edukitzea komeni da eta merkatu lokalari begira egotea.


Marken inguruan nahasmen handia sortu da. Zer iritzi duzu Labelaren inguran?

Han, atzean, dago Elgoibar.

Labelak kalitatea bereganatu du, “K” handi hori. Adibidea tomateena da: zelan izan daiteke Labeleko tomate bat kalitatezkoa, hidroponikoa bada, lurrik gabeko tomatea, eta urte guztian ekoizten dena? Inbernaderoak berotzeko gasoila erabiltzen dute neguan. Hori kalitatearen erabilera ez zuzena da. Labela bultzatu da, eta ekologikoari ez zaio biderik erraztu. Labela administrazioaren apustua izan da. Azkenean marka bat da, saltzeko, arautegia eurak ezartzen dute eta kontrola eurak egiten dute. Lortu dute jende askok uste izatea Labela dagoenik eta onena dela.

Abiadura Handiko Trenak (AHT) zer ekarriko dio nekazaritzari?

AHT pasatzeko lur azalera hori galdu egingo da. Asko tuneletatik joanagatik, sator lana egin behar da eta handik ateratakoak norabait eraman behar dira, eta lurpeko uren bideak ikutu egingo dira. Gero lurraldea bi zatitan banatuko du. Alde bat eta bestea oso inkomunikatuta geldituko dira. Baserritar askorentzat zatiketa horrek erdibitzen baditu bere sailak geldituko dira oso kaxkar. Eguneroko bizitza horretan, gainera, baserritarren batek nahi badu ikuilu berri bat egitea edo anpliazioren bat, ezin izango du, segurtasun distantzia dela eta. EHNEk bat egiten du AHT Gelditu Elkarlanarekin eta hor parte hartzen du aktiboki.

Baserritarrek ekoiztutako produktuak elaboratzeko zailtasunak izaten direla salatu izan duzue behin baino gehiagotan, batez ere baldintza sanitario gehiegi ezartzen direlako.

Beste arazo bat da. Nahiko estrategikoa da gazteak instalatzeko orduan. Europako Batasunak arautzen du eta administrazio bakoitzak arautzen du gutxi gorabehera bakoitzak bere erara egokitzen du, nahiko malgua da-eta. Hemen sanitate kontuetan oso eskakizun handiak daude. Baserritar txiki bati eta industria handi bati eskakizun berberak ezartzen dizkiote. Hemengo erregistro sanitarioarekin baimenduta gaude, gure produktuak Europako Batasunean saltzeko. Hor badago lan bat egiteko: baldintza sanitarioak egokitu egin behar dira, ikusita zein den ekoizpen bolumena, eta zer ingurunetan saltzen den. Horren arabera egin behar da, merkatu lokalean gabiltzalako.


Neurri zorrotz horiek produkzioa dibertsifikatzea zailtzen ote dute? Hala izanez gero espezializazioa suspertuko litzateke.
Milaka esne litro badituzu edo milaka kilo tomate hilean, merkatu global horretan sartu behar duzu, eta hor ez dago zereginik. Baldintza sanitarioen kontuarekin hori bultzatzen da. Baldintzak hain zorrotzak ez balira, errazago instalatuko litzateke gazte bat mermeladak edo gazta egiten. Eta aktibitate bat eduki beharrean aktibitate dibertsifikatua errazagoa litzateke. Merkatuan beti egon dira edo egongo dira gorabeherak. Gauz bat ez badoa hain ondo, besteekin jarraitzeko edo indartzeko ondo dator dibertsifikazioa.

Ganadua ederki hazten da

Altzola-berasetako larretan.




  Mobilizazioa
Gipuzkoako EHNEk mobilizazioa iragarri du ekainaren 8rako (domeka). 12:00etan manifestazioa hasiko da Bulebarrean. Aldarrikapenak eta salaketak, honakoak.
  • Lurraren defentsa: azpiegitura handiek urtean 800 hektarea lur artifizialtzen dituzte EAEn. Horrekin batera, espekulazioa ikaragarria da.
  • Kostuen igoera: produktoreak berdin kobratzen du eta eroslea gehiago ordaintzen ari da. Bitartekarien gehiegikeriarik ez izateko prezioen gaindegia eskatuko dute.
  • Klientelismoa: sektorearen inguruan enpresa publiko nahiz parapublikoek eta elikagai enpresa handiek nekazaritzako diru kopuru handiak jasotzen dituzte.
  • Baserritar txikien burokrazia: baserritarrek gero eta paper gehiago bete behar dituzte, administrazioak eskatuta.

  Nekazaritzaren helburua, Gipuzkoako EHNEren arabera
Euskal Herriko eta Gipuzkoako nekazaritzak bete beharko duen helburua elikagaien subirautza segurtatzeko kalitatezko elikagai nahikoa produzitu, elaboratu eta kontsumitzaileengana iristea da, ingurumen alorreko oreka mantenduz eta errespetatuz, eta baserritarrei duintasunezko errentak eta kalitatezko bizitza bermatuta.
 
 
    Testua eta argazkiak: Oier Narbaiza.