Jakina da aurten arau subsidiarioak berritzekotan dabiltzala, eta horretarako herriko jakintza eta sentsibilidade guztiak bilduko ahal zituzten. Ez nago ziur gaiok landuko dituzten edo kanpoan geratuko diren, kontua da egunotan dokumentu edo mapa hau iritsi zaidala esku artera eta zer pentsatua ematen didala.
Ikusi ahal izan ez duenarentzat, beharko argitu etorkizuneko Elgoibarren balizko mapa dela, bi arkitektuk sinatua. Mapa honetan antzematen denez, Eibarretik gatozela, Olasoko industrialdearen atarian errotonda berria izango dugu, zeinak emango baitio hasiera ibaiaren gainetik San Rokera abiatuko den saihesbideari. San Roken, Lapramendi eta Agarreren tartetik, Mintxeta baserriaren gainetik, Musilloren azpitik, Gibraltarren ondotik pasa eta zubia izango du Bernardo Ezenarro lantegiaren parera, eta han berriz tunela Albitxuriko industrialderaino. Urruzunon, Landa eta Haritzetaren tartetik autopistaraino urreratuko da, Zubiaurre zerrategiaren gainetik Azkarateko bide berrian egin beharreko errotonda berri batean bukatzeko.
Ez dakit hau guztia onartuta dagoen, aurrikuspena den edo etorkizunean landu beharrekoen ildoak zehazten dituen, baina garbi dagoena, lan hau egin dutenerako, zerbait aterako dela. Gainera, lan hau sinatzen dutenak, sarituak izan dira hemen diotenez.
Egia da gure herriko errepidean arazoak izaten ditugula ordu jakin batzuetan. Baina benetan uste dugu saihesbidearen beharra dagoela? Ez al da nahikoa sahiesbide autopista. Horretarako ere ez al du balio hainbeste kostatzen zaigun munstro horrek? Ez al dira askoz erremedio merke eta premiazkoagoak hemen eta hemen iradokitakoak?
Nobedade gehiago dakartza dokumentuak, tartean Etxeberrirako bide berria. Hemen bai antzematen da zerbaiten beharra, baina berandutu zait eta beste baterako utzi beharko kontu hau.