Udalaren Legealdi Plana 'populista' dela eta 'proiektuak zehaztu gabe' daudela esan du EB-Aralarrek

elgoibarren.net 2008ko uzt. 10a, 14:15

Legealdi Planean gai garrantzitsu asko falta direla aipatu dute EB-Aralar koalizioko kideek. Unai Zulaika eta Izaskun Soraluze Ezker Batua-Aralar koalizioko zinegotzien ustez Udalaren Legealdi Plana “populista da, proiektuak ondo zehaztu gabe daude, eta gainera, gai garrantzitsu asko falta dira”. Ezker Batua-Aralarrek Legealdi Planaren kontra bozkatu du, baina gainontzeko alderdi politikoen aldeko botoekin onartu egin da.



Falta diren gaiak
Unai Zulaikak Legealdi Planean falta diren gaiekin txosten bat egin du. Besteak beste, ostegunetako azoka eta herritarren partaidetza aipatzen dira: “Herritarren gehiengoak argi esan zuen ostegunetako azoka herrian nahi zuela, eta Udalak ez du hori kontuan hartu. Ez du aipatu ere egin. Herritarren partaidetza bultzatu behar da, eta Udal irekiagoa osatu behar dugu denon artean. Gai garrantzitsuenen inguruan Udalak herritarrei egin behareko galdeketak ere ez dira inon aipatzen”. Honekin batera, Elgoibarrek zaharren egoitza berria behar duela aldarrikatzen du, eta ez eskualdekoa”. Bestalde, haserre azaldu dira Legealdi Plana egiteko erabili den metodologiarekin. Esan dutenez, txostena ez da alderdi politiko guztien artean onartu: “Lehenengo bileran hartu genuen parte, baina ondoren zailtasunak izan genituen”. Legealdi honetan oposizioaren egoera zaila dela gaineratu zuen Zulaikak: “Kritikatu edo gauzak beste modu batean egitea planteatzen duena, baztertu egiten dute”. Koalizioko ordezkarien iritziz, proiektu eta jarduera konkretuak jaso behar ditu Legealdi plan batek muinean, "ezin da ikerketa eta azterketa xumeetan oinarritu".

EAJ, EA eta PSE-EE pozik

EA, PSE-EE eta EAJko ordezkariak planaren prentsaurreko aurkezpenean.

Alfredo Etxeberria (EAJ), Bittori Zabala (EAJ), Jon Peli Uriguen (EA) eta Ovidio Campello (PSE-EE) pozik azaldu ziren Legealdi Planaren aurkezpenean. Euren esanetan, Planean herriko alderdi politiko guztien ekarpenak jasotzen dira; baita, gaur egun, legez kanpo dagoen Ezker Abertzalearenak ere. PP alderdiak, bestalde, Legealdi Planari babesa eman dio, Francisco J. Nuñez zinegotziak Elgoibarko PPren blogean azaltzen duen moduan "intentzio onetan bakarrik" geratzen den plana izan arren, gobernuari babesa eman behar zaiola uste duela adierazi du (ikus hemen).
Planak 20 lan arlo jasotzen ditu, bost ardatz nagusitan banatuta, eta datozen hiru urteetan buruko dira proiektuak. Guztira bost milioi euro erabiliko dira; udal aurrekontuen %30.
 

  ∞ Lotura duten albisteak: