Dantzako entseguak amaitu eta etxera bidean atsegin dut Elgoibarko kale
estuetan barrena ibiltzea. Ordu horietan herria bereak dituen beste
kolore batzuez janzten da, goizean berriz egunerokotasunera itzultzeko.
Berriz zarata eta presa artean murgiltzeko.
Kalean farolak piztuta daude, oraindik esna diren etxeekin batera argi eginez. Merkatu plaza alboko telefonoan hegoaldeko jendea ari da beren herrietara deika; azentu desberdinek markatutako hitzak bidaltzen dituzte itsasoz bestaldera. Taberna batzuk itxita egon arren asko dira oraindik zabalik daudenak. Hauetan ohiko fauna gautiarra, azken tragoa behin eta berriz errepikatuz. Terrazetan, berriz, hurrengo egunean jaiki beharrik ez dutenak kafearen konpainian kontu kontari.
Bikote batzuk ilargiak oparitutako erromantizismoan musuka ari dira. Beste zenbait bakardadean, Maalako parkean erreka ondoan eserita. Txakurra paseatzen ere ari da inor, zor dio halakorik bere lagunik onena dela dioenak (ez ahaztu erregaloak jasotzea).
Baina gauak baditu bere tranpak ere, ustekabean harrapatzen nautenak. Ilunetan kolore bizitako argiek sortutako amua baliatuz, kale ertzetan aurkitzen ditut, nire zain. Eta pasatzen naizen bakoitzean beren sarean erortzen naiz, tentazioari muzin egin ezinik.
Gaur ere, poltsikotik txanponen bat atera eta gosea asetu nahian zulotxotik sartu dut. Baina, eguneroko putada orain ere! Izorratzeko egindako makinak direlakoan nago patata pakete, bollo eta antzekoak saltzen dituzten horiek. Ondo kontrolatzen dute zer egin erori beharrekoa erori ez dadin. Horrela ni bezalako tuntunek berriro ere txanpona sartuko dute eta lehendik garestia den prezioa bikoiztu.
Inuzente aurpegiarekin itzuli naiz gaur ere etxera, makinek berriro irabazi didaten sentipena arrastaka neramala. Gehien irabazi duena ordea makinen atzean dagoen pertsona izan da, eta horrek eman dit amorru handiena.
Baina lasai egon sandwich de cangrejo eta alfajor de chocolate, bihar edo etzi berriz egingo dizuet bisita dantzatik etxera gosetuta noanean. Eta ziur egon, orduan ez didazue irabaziko; zuek poltsikoan hartuta itzuliko naiz etxera. Komaidios!
- Ikus hemen: Mikel Olaizolaren testu guztiak