“Gure abestietako bat politono bihurtzea kristorena litzateke”

elgoibarren.net 2008ko uzt. 24a, 12:51

Oier eta Arkaitz Baltzola anaiek diskoa kalean dute beste hiru bikote gazterekin batera. Egunen batean euren disko propioaren aurrerapena izan liteke Faborez 02. Bertan bost pieza jo dituzte. Diskoa Lanbroan eta Txuri-Beltz tabernetan dago salgai. Bien bitartean, San Bartolome jaietako Baserritarren Egunean eta Gazteen Egunean kaleak girotuko dituzte trikiti doinuekin. Bikoteak urte asko dihardu Euskal Herriko erromeriak alaitzen. Oierrek 27 urte ditu, eta Arkaitzek, 29.



Noiz hasi zineten soinua jotzen?
 Zortzi eta hamar urterekin hasi ginen. Zabale anaiek eskola ireki zuten Elgoibarren. Biok soinua ikasten hasi ginen, eta soinuarekin hobeto moldatzen nintzen ni [Oier]. Bikote izateko, anaia panderoa ikasten hasi zen. Hogei bat urte inguru dihardugu trikitiaren bueltan. Hasieran, txapelketatan hasi ginen, bederatzi eta hamaika urterekin, eta harrezkeroztik bikotea gara. Hasi eta urte eskasera, maisuak kalera atera gintuen. Gure sasoian 60 lagun inguru ibili ginen trikitia ikasten, eta gu hasieratik izan gara Baltzola anaiak.

1706640935793 “Gure abestietako bat politono bihurtzea kristorena litzateke”

Kalejira nagusia, goizez eta arratsaldez, Baserritarren egunean egingo duzue. Berezia da zuentzat baserritarren kalejiran jotzea?

 Bai, beti egun horretan jotzen dugu, maisuarekin irteten hasi ginenetik.

Trikitia baserriarekin lotzen dute askok…
 Sasoi batean ez hainbeste, baina orain orduan baino gehiago. Trikitia baserriaren mundura gerturatzen ari da, batez ere. Kaleko jendeak beste joera batzuk atsegin ditu. Jendeak trikitia entzutea eskertzen du, baina bereziki baserri giroko jendeak. Askoz ere indar handiagoa du trikitiak mendi erromerietan.

Kepa Junkera eta beste norbait kenduta, uzta berria ere baserri mundutik jaiotzen da…
 Taldeen edo banden sasoi bat egon zen. Guk trikiti tradizionala jotzen dugu soinu eta panderoarekin. Hori baserri munduan uztartuagoa dago kaletarren artean baino.

Elgoibarren ere belaunaldi berriak badatoz?
 Bai. Guk zortea izan genuen, txapelketan ondo ibili ginen, eta afizio dezentea geneukan eta leku mordoetan jo izan dugu azken urteotan. Sasoi batean herrian jende askok ikasi zuen, eta oraindik ere jarraitzen dute jotzen, baina beste maila batean. Eta gazteen aldetik ere jarraipena izatea espero dugu.

1706640935828 “Gure abestietako bat politono bihurtzea kristorena litzateke”

Nork oparitu zizuten soinua?

 Gurasoak baserritarrak dira, eta txikitatik trikitia entzun eta dastatu dugu. Sasoi batean osaba mutilzaharrak oparitzen zion soinua ilobari. Ez dakit mutilzahar gutxiago dagoen, baina kontua da gutxiago oparitzen dela soinu txikia, ez duzue uste?Bai, trikiti eskolak badaude eta soinuak ere bertan izango dituzte, baina aurrera jarraitu nahi baduzu zure soinu propioa izan beharko duzu, eta hori dezenteko gastua da, ez delako merkea. Eta guraso askok umearen kapritxoa dela esan dezakete. Trikitia ez dago sasoi onenean, gazteek beste joera batzuk dituztelako, eta beste musika estiloak nahiago dituztelako. Trikitia asko atsegin dutenak zale amorratuak dira, eta, oro har, gazteen artean zaletasuna eskasa da.

Zuek ere rock kontzertuetara joaten zarete?
 Denetik entzuten dugu, musika zaleak garelako. Hainbat estilo entzuten dugu, baina trikitia nahiago dugu. Gurasoengandik jaso dugu trikitia.

Jarraitzaile sutsuenak etxean dituzue, hortaz?
 Bai, etxean eta inguruan. Gurasoak eta ingurukoak baserritarrak dira, eta gure ingurukoak trikitizaleak dira.

Herritarrek, jai giroan, eskertzen dute trikitilarien kalejira?
Bai, bereziki momentu jakin batzuetan: Baserritarren Egunean, festetan, edo afari baten ostean. Hortik kanpo, gazteen giroan murgiltzea gehiago kostatzen da.

Baserritarren egunean ere tabernarik taberna ibiltzeko asmorik baduzue?
 Bai. Goiz eta arratsaldez joko dugu. Goizean baserritarren kalejira egingo dugu, eta gero normalean kalean buelta batzuk ematen ditugu, jendea esnatu eta kalera irteteko. Ondoren, tabernaz taberna ibiliko gara jendea girotzen. Sasoi batean, ikasle asko biltzen ginenean, eta azkeneko urteetan tabernarik taberna ibili gara. Tabernariek musika kendu eta eskertzen dute gure musika.

Musika kentzen dute, beraz…

 Taberna guztietan ez, baina gehienetan bai.

Elgoibar ez da Azkoitia edo Azpeitia. Han ere estimatuak zarete?
 Bai, askotan joan izan gara Sanandresetara, esaterako. Han jendeak trikitia asko estimatzen du, eta asko bizi dute. Lehengoan ere diskoaren aurkezpena Azkoitian izan zen, eta ia berrehun lagun joan ziren Faborez 02 diskoaren aurkezpenera. Ez dugu esan nahi beste lekuren batera hainbeste jende joango ez zenik, baina afizio handia dute.

Aurkezpena Elgoibarren egingo balitz?

 Auskalo. Jendeak afizioari eusten dio Azpeitia eta Azkoitian.

Faborez 02 diskoan lau bikote gaztek parte hartu duzue. Zeuen bikotearen diskoa kaleratzea zailagoa izango litzateke?
 Ez uste, lehenago ez dugu diskorik atera denbora kontuagatik. Azkenean, disko osoa prestatzeko denbora mordoa behar duzu. Ni [Oier] montadorea naiz, eta urteko egun asko kanpoan ibiltzen naiz. Anaia [Arkaitz] autonomoa da, arotza, eta diskoa prestatzeko denbora mordoa behar da. Gainera ez dugu sekula planteatu ere egin, zaletasuna delako guretzat. Trikitilari elkarteak bost pieza egiteko aukera eman zigun, eta gustura onartu genuen.

1706640935867 “Gure abestietako bat politono bihurtzea kristorena litzateke”

1706640935933 “Gure abestietako bat politono bihurtzea kristorena litzateke”


Neskei erromerietan irteteko faborez eskatzen zitzaien. Oraindik ere erabiltzen da?
 Ez dakigu, sasoi batean asko erabiliko zen, baina gaur egun ez.

Erromerietan jotzen duzue. Jende gaztea biltzen da?
 Bidanian, edo Andoainen egiten diren erromeria nagusietan, gazte asko joaten dira, eta dantza egiten dute. Baina, beste lekuetan, ia betiko jendea biltzen da. Bistaz ezagutzen ditugu eta erromeria bila ibiltzen dira.

Faborez 02 diskoan bost pieza jo dituzue. Zein da zuen faboritoa?
 Beti trikitizaleak izan gara, agarratuak baino nahiago izan ditugu. Antzinako agarratuak gustatzen zaizkigu, baina trikitia eta solteak jotzen erosogoago sentitzen gara.

Merkatuan disko bat edukitzea ote zen zuen amets edo helburuetako bat?
 Esperientzia ederra izan da. Arrate Irratian bost grabazio izango ditugu. Ama Eibarkoa da eta askotan joan izan gara Sutondoko Erromeria irratsaiora. Bestalde, disko bat egiteak ez dauka zerikusirik, atalka grabatzen delako: lehenengo soinua, gero panderoa, gero abestu… Bestelako mundua da.

Baina polita izan behar du eskuartean zuen izenarekin diskoa ikusteak…
 Polita izan da. Hurrengoan, denbora izatean, gurea aterako dugu.

Zuen errepertorio propioarekin?
 Disko honetan argi laga dugu gure maisua Zabale dela. Asko lagundu digu eta berarengandik jaso dugu dakigun ia guztia.

1706640936012 “Gure abestietako bat politono bihurtzea kristorena litzateke”

Pirateriaren mundua trikiti mundura ere etorri da?

 Lehengoan joan nintzen Arratera diskoa lagatzera, eta diskoa hartu nuen egun berean joan nintzen taberna batera ematera: dagoeneko diskoa bazutela esan ziguten, internetetik jaitsi zuten-eta. Mikel Markezekin ere komentatzen genuen gai hori. Egun batean diskoa kalean, eta egun berean internetik jaitsi daiteke. Saltzea zaila da, interneteko istorio honekin. Zale amorratua denak diskoa erosiko du, baina besteek? Gainera trikiti estilokoak ez dira hainbeste saltzen.

Baina trikiti zale amorratuek ez dut uste musika internetetik jaitsiko dutenik…

 Trikiti diskoak kaleratzen dituztenek esan digute jendeak erosteko ohitura duela: Kupelarenak…

Kupelaren abestia politonoa ere bada…
 Bai, beste diru-iturri horiek ere badaude.

Imajinatu zuen abestietako bat politono bihurtu eta norbaiten mugikorrean entzuten duzuela…
 Kristorena izango litzakete. Kuriosoa. Lehengoan, lagunekin autoan joan ginen, eta diskoa ipini zuten. Polita da jendeak diskoa entzutea.

Jendeak zein abesti eskatzen dizue?
Denetik. Normalean, jai giroan, jendeak martxosoak nahi ditu; kalejira asko, salto egitekoak, rantxerak...

Solteak gutxi…
 Bai, orain dela gutxi lagun batek Elgoibarren dantza-soltea ikasteko ikastaro bat dagoela esan zigun, eta harritu egin ginen. Hogei lagun omen dabiltza ikasten. Elgoibarren ez da solte asko egiten. Baina Andoain inguruan adibidez agarraturik ez da egiten; ia denak solteak dira.

Hainbeste urtetan elkarrekin ibili eta gero, zenbat alditan entseiatzen duzue?

 Batez ere uda sasoirako prestatzen gara, festen sasoirako. Ekain inguruan hasten gara eta irail bukaera aldera arte ibiltzen gara. Negu partean gutxiago jotzen dugu. Lana ere bakoitzak bere aldetik egiten du. Nik [Oierrek] piezak ikasten jarduten dut, eta anaiarekin ez dut hainbeste jotzen.

1706640936056 “Gure abestietako bat politono bihurtzea kristorena litzateke”

1706640936096 “Gure abestietako bat politono bihurtzea kristorena litzateke”


Anaia ez den beste norbaitekin joko zenukete?
 Nik [Oierrek] jo izan dut anaiak ezin zuenean, eta txapelketatan, anaia bi urte nagusiagoa zelako. Eta batzuetan soziedade batzuetatik deitzen digute eta eurek jartzen dute pandero-jolea.

Oier, noiz hasiko zara abesten?
 Ez, nik uste dut soinua nahiko ondo jotzen dudala, baina abestea anaiari dagokio. Probak egin ditugu, baina gauza guztiak bezala, balio duzu edo ez duzu.

Trikitilari batek uda partean izaten du lan gehien, ezta?
 Bai, dudarik gabe.

Oporrik gabe geratuko zarete?
 Astebete hartuko dugu gutxienez udan. Urte guztian lana egin eta udan astebete hartu behar da.

Japoniarrek ere astebete hartzen dute urte guztian…
 Baina festetan soinua jotzen ibiltzea ere gustuko lana da.

Herriko jaiak bizitzeko asmorik?
 Bai urtero jaietan egoten gara, eta asko gustatzen zaizkigu.

Zein da zuen egunik faboritoena?

 Txiki Eguna, eta Baserritarren eguna. Giro polita sortzen da.
 
  Bideoa: entzun bideo honetan Faborez 2.0 diskoko Trikitixa izeneko pieza. Askotan entzuniko trikitixa hau Zabaleta eta Robertoren grabazio bateko erreplika txiki bat da.

 
 
 
 
Testua: Andoni Iturbe
Argazkiak: Asier Orbea