Ekimen hau Debegesa bailarako merkataritza agentziak, eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak antolatu dute, Debabarreneko BTT zentro berria bultzatzeko asmotan.
Hil honen 23rako antolatu duten bizikleta ibilaldia erraza da. 7 kilometroko luzera du, eta familia osoak batera egiteko modukoa da. Hori bai, antolatzaileek emandako aholkuaren arabera, komenigarria da 10 urtetik beherakoek heldu baten laguntza izatea.
Ibilaldia dohainik izango da, eta bertan, zaletu guztiek, bailarakoek zein bailaraz kanpokoek, parte hartu ahal izango dute. Interesatuek ez dute aldez aurretik izena eman beharko. Nahikoa izango da 10:30erako Elgoibarren, Mintxetako kirol instalazioetan, egotea. Mendiko bizikleta zaleek Euskalte-Euskadi taldeko txirrindulari profesionalak diren Markel Iriziar, Aitor Galdos eta Samuel Sanchez, txapeldun olinpikoa, izango dituzte zain.
• Egitaraua
- Azaroaren 23rako antolatutako ekitaldiak 10:30ean hasiko dira. Ordu horretan, elastikoak eta beranduago egingo den zozketan parte hartzeko zenbakiak banatuko dira.
- Bizikleta ibilaldia 11:00etan hasiko da, eta ordubete beranduago bukatuko da, Mintxetan egingo den mokadutxoarekin. Bertan, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek autografoak sinatuko dituzte, eta beraien taldeko ekipamenduak zozketatuko dituzte.
- Bestalde, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak gogorarazi nahi du Mintxetako BTT harrera-gunean bizikletak alokatzeko aukera dagoela (17 bizikleta daude helduentzat, eta 7, umeentzat).
- Bi orduko alokairuaren prezioa 2 eurokoa da, eta egun osoko alokairuarena, berriz, 3 eurokoa.