Zomorro mozorroak

Elgoibarko Izarra 2008ko aza. 7a, 10:40

Aurreko astean Gabonetako errituen gainean jardun bagenuen, aste honetan inauterietako mozorroak jantzi ditugu.

 
 Inauterien jatorria erromatarren eta eliza katolikoaren azalpenetan topatu behar genuen, orain artean, baina Xamarrek askotan errepikatzen digun moduan, euskaldunon historia ez da zero urtean hasten. Beraz, kasu honetan ere, historiaurrera jo behar dugu inauterien gaineko azalpenenen eta zergatien bila. Eta inauterien zergatiak ulertzeko, Juan Antonio Urbeltz (Iruñea, 1940) folkloristaren teoriak izan ditugu bidelagun. Teoria ausartak, Xamarren esanetan, baina logikaz eta zentzuz betetakoak.

  Begiak itxi eta Europako gizartea nekazaritzatik bizi zen garaietara salto egin behar dugu. Eta saltoa handia bada ere, orduko eta gaurko gizartearen beharrak berdinak direla konturatuko gara. Izan ere, zein izan da beti gizakiaren beharrik basikoena? Jatea; norberak jatea eta ingurukoen jana ziurtatzea. Jatekorik ez dagoenean gaixotasuna, etsipena eta heriotza nagusitzen dira. Beraz, garai hartako gizartearentzat uzta zen bizitzaren oinarria. Uztarik ez zegoenean, ez zegoen jatekorik, eta jatekoa falta zenean, esan bezala, gaixotasunak eta heriotza nagusitzen ziren.

Inauteriak: Uzta zaintzeko herri konjuruak

Inauterietako erraldoiek, zanpantzarrek, gose irudikatzen dute.

  Eta hau guztia, zertara dator? Gosearen eta uztaren kontu honek, zer lotura dauka inauteriekin? Urbeltzen teoriaren arabera, inauteri tradizionala gosea konjuratzeko egiten zen;  uzta zaintzeko herri konjuruak ziren. Ikus dezagun zelan arrazoitzen duen teoria hau. Ipuin askotan ikus daitekeen moduan, gosea erraldoiek irudikatzen dute. Askotan entzun ditugu haurrak jaten dituzten erraldoi ase ezinen gaineko ipuinak. Beraz, erraldoi hauek konjuratu egin behar ziren; orduko pentsamendu magikoaren ustez, erraldoi hauei min eginez gero, gosearen kontra ziharduten. Iparralde osoan ospatzen ziren inauterietan, adibidez, panpina erraldoi hauek azaltzen ziren, eta, azkenean, erre egiten zituzten. Horregatik ospatzen dira inauteriak neguan, uztailean (uztaren hila) jaso behar zuten uzta ona izateko eta goserik ez pasatzeko. Panpina erraldoi hauek izena ere badute gurean: Zanpantzar (Frantzian Saint Pansard deitzen diote, euskarako izenetik hartuta, bistan denez, baina santuekin batere loturarik ez duena).

Herrietako inauteriak
  Puntu honetara iritsita, herrietako eta hirietako inauteriak bereiztu behar ditugu. Hirietako inauteriak dibertsioarekin edo ondo pasatzearekin lotuta badaude, herrietako inauteriak ez ziren ondo pasatzeko egiten. Izan ere, herri txikietako jendeak beldurra zien inauteriei. Xamarren hitzak errepikatuz, herrietako inauteriak “basak” ziren; basatiak. Zanpantzarra edo erraldoia erre ondoren hasten zen jaia; hau da, gosea erre ondoren.

Joaldunek intsektuak edo zomorroak irudikatzen dituzte.

  Inauterietako gainontzeko pertsonaien esanahia ere azaltzen digu Urbeltzek. Bere teoriaren arabera, inauterietako pertsonaiek intsektuak irudikatzen dituzte. Izan ere, intsektuen izurriteak ziren, gehienetan, uztak galarazten zituztenak (gosea eta heriotza zekartenak). Iturengo eta Zubietako joaldunei erreparatzen badiegu, adibidez, garbi ikusiko dugu intsektuen kontrako errepresentazioa (ikus erretratua). Erretratuan ikus dezakegun moduan, eskuetan daramaten eskobila antzerako horiek animalien buztana irudikatzen dute; euliak eta gainontzeko intsektuak uxatzeko animaliek daukaten buztana, hain zuzen ere. Bestalde, buruan daramatzaten ttuntturro deigarri eta koloretsu horiek ere txoriak eta intsektuak uxatzeko ziren (gaurko txorimaloen funtzio bera). Azkenik, atzean daramatzaten zintzarrien bibrazioak ere intsektuak uxatzeko ziren. Beraz, eta Urbeltzek arrazoia badauka, inauterietako pertsonai hauen funtzioa intsektuak uxatzea zen.

1706640755712 Zomorro mozorroak

1706640755737 Zomorro mozorroak


Mozorrotutako zomorroa
  Inauteri hitzaren azalpena ere eman zigun Xamarrek. Inauteri hitza inausi berbatik datorrela esan zigun (podar, gaztelaniaz). Neguan intsektuak lotan edo negua pasatzeko poltsetan egoten ziren, eta urtaro hori aprobetxatu behar zuten adarrak inausi eta intsektuak akabatzeko. Xamarrek esan zigunez, ordaindu egiten zieten intsektu-poltsak batu eta erretzen zituztenei.
  Inauterietako mozorro hitzaren jatorria ere ezagutu genuen. Silaba mugimendu txiki bat egiten badugu, zomorro berbarekin topo egingo dugu. Urbeltzen esanetan, mozorrotzea zomorrotzea da. Goizuetan, adibidez, mozorrotuta daudenei, zomorroak deitzen diete.
  Azalpen ausarta da Urbeltzek ematen diguna, baina, orain arte ez da inauterien gaineko beste azalpenik eman. Eta Xamarrek erakutsi zizkigun erretratuetan ikusi genuenez, Europako hainbat herritan ere inauteriek zentzu bera daukate; Suitza, Errumania, Austria edo Alemaniako inauterietako koreografia gurearen oso antzerakoa da (zinta koloretsuak, maskarak, ...).

Hirietako inauteriak
  Inauteriekin amaitzeko, hirietako inauteriei erreparatu genien. Goseak, gaixotasunak eta heriotzak dakarten kaosa errepresentatzen dute hirietako inauteriek. Kaosa da hirietako inauteriak ulertzeko hitz klabea. Eta kaos honen barruan, gizarteari buelta emateko aukera ematen zuten inauteriek: eskale zena aberatsa bihurtzen zen, gizonezkoak emakume, laikoak elizgizon, lapurrak polizia, ... Baina iraultza hau ez zen agintarien gustukoa, eta makina bat ahalegin egin dira inauteriak debekatzeko edo zigortzeko. Iruñeko abade bati, adibidez, 1601ean sekulako zigorra ezarri zioten kardinalarena egiteagatik; bi urtez erbesteratuta izan ondoren, urtebetez jardun zuen lanean txikitarik kobratu gabe, eta, gainera, isuna ordaindu behar izan zuen.

Amaitzeko, alardeak

1706640755766 Zomorro mozorroak

Bost minutu ingururen faltan amaitu zituen Xamarrek inauterien gaineko azalpenak, eta jendearen eskariz, alardeak zer diren azaltzeko aprobetxatu zuen. Alardeen esanahia eta arrazoiak ez dira gertaera historikoetan topatu behar. Bere esanetan, alardeak Euskal Herri osoan egiten ziren. Urtean egun bat izaten zen herri bakoitzeko ejertzitoak desfilatzeko, baina  ohitura hau bertan behera geratu zen Espainiako ejertzitora joateko obligazioa ezarri zutenean (nahiz eta Irunen eta Hondarribian oraindik ere bizirik dagoen).