Ukalondoei

Mikel Olaizola 2008ko aza. 10a, 17:57

Eskuek asko esaten digute pertsona baten inguruan, sinbologiaz betetako atalak dira niretzat. Elkartasuna adieraz dezakete, fereka sentikorrenak egin; edo haserretu, indarra erakutsi ukabilaren forma hartuta.

 

 Eskuak lanaren adierazle ere badira, Maialen Lujanbiok bota zuen bezala, “langileek lakar ta pianistek fin-fin”. Ikasleok, berriz, asko hondatu gabe ditugu; amamak nireak hartu eta esan izan didan moduan, estudiante eskuak, kailu edo baba gutxirekin. Iraganik gabekoak dira bereen aldamenean, baserriko lanek ordez ordenagailuaren tekla lauek landuak, bolalumaren tinta urdinez markatuak.

 Eskuetan beharrean, ukalondoetan nabaritzen da, ordea, ikaslearen lana. Azterketa garaian batez ere, mahai hotzarekin kontaktuan amaigabeko orduak pasatzen dituzte, benetan harreman intimoa osatuz. Nor gogorrago borrokan, historiako liburu lodia edo burugogor honen burua. Nork esan ote zuen jakinduriak lekurik okupatzen ez duela?

 Eta bitartean ukalondoak tente, indartsu, buruari eusten dieten zutabeak bailiran. “Kultura” etengabe irensten dihardute, eta dagoeneko hiru hizkuntza ikasi dituzte, ni hasta por los codos hitz egiten duten horietakoa izan ez arren. Denetik jaso dute, Gaussekin hasi eta karlistadetara, Platonen dialektikatik pasaz. Atzo ikasitakoa bihar ahazteko, zer baino zenbat delako garrantzitsuagoa. Joan etorrian beti.

 Nekea ibiltzen den bezala, tarteka bisita eginez. Hiru egun luzetako jardunaren ostean jada minduta dauzkat ukalondoak eta gaur  ezin izan dute gehiago eutsi. Besoa askatu eta latinezko errefrauen gainean hartu dut lo. Ikusten da zerbait halere, besteren tartean. “Requiem in pacem”. Bada garaia…