Madala oinezkoentzat jartzeko obrak hastear dira

elgoibarren.net 2008ko aza. 11a, 12:52

Madalako jolas-parkeko kolunpioak bere lekutik kentzen aurkitu ditugu gaur goizean beharginak. Segituan hasiko dira Madala ingurua berriz urbanizatzeko burutuko diren lanak. Pedro Muguruza etorbidean, Herriko Antzokiraino doan kale zatiaren zorua aldatzeko lanak, berriz, datorren astean hasiko dira. Eta aurrekoez gain, azaroaren 18an hasiko dira Santa Ana eta San Inazio kale inguruak berriz urbanizatu eta oinezkoentzat jartzeko lanak.
Gauzak horrela, Aste Santua bitartean obra mordoa izango ditugu herrian. Udal ordezkariek pazientzia eskatu diete herritarrei.


  Madala ingurua berriz urbanizatzeko lanak

Fotomuntaia.

 Ingurua bateratu egingo da eta oinezkoek lehentasuna izango dute lanak amaitzen direnean (bost hilabeteko epea izango du Echaide enpresak). Horretarako, petril zaharra kendu eta parke guztia berrituko da. Hainbat berdegune jarriko dira, eta San Frantzisko kalearen amaieratik Herriko Antzokiraino doan kale zatiaren zorua aldatu egingo da. Proiektuak 971.419 euroko kostua izango du. Hirigintzako arduradunek aurreratu dutenez, inguruko bizilagunek eskutitz bat jasoko dute. Eskutitzean lanen ondorioz jasan ditzaketen buruhausteen berri emango zaie bizilagunei.

1706640731489 Madala oinezkoentzat jartzeko obrak hastear dira

1706640731526 Madala oinezkoentzat jartzeko obrak hastear dira

  Santa Ana eta San Inazio kaleak oinezkoentzat
 Construcciones Naturales de Campezo enpresa izango da Santa Ana eta San Inazio kale inguruak berriz urbanizatzeko ardura izango duena.
 Lanok datorren astetik aurrera hasiko dituzte eta bost hilabeteko iraupena izango dute Hirigintzatik jakinarazi dutenez. Kostua, berriz, 454.846 euroko izango da. Lan horiei esker, zorua eta lurrazpiko azpiegiturak erabat berrituko dira. Kalearen albo banatan espaloiak jarri, eta oztopoak kenduko dira irisgarritasuna hobetzeko. Gunea oinezkoentzako egokituko da, eta inguruko merkataritza erakargarriagoa bihurtzeko ahalegina egingo da. Gainera, jarduera honen ondorioz, aldaketak izango dira trafikoa gestionatzeko moduan.
 
  Olasoko errotonda
 Olasoko errotondari dagokionez, hil honetan pasako da gai hori Udal Plenotik eta udal ordezkariek aurreikusten dutenez, abendua eta urtarrila artean hasiko dira laupabost hilabeteko epean amaitu beharreko lanak.

  Lau proiektu handi
 Urtea bukatu aurretik herria hobetzeko lau proiektu handiren lanak hasiko dira herrian. Lanok jadanik esleitu dira, eta orotara, 1.684.458 euroko inbertsioa bideratu du Udalak. Esleitutako jardueren artean, aipatzekoak dira Madala ingurua eta Santa Ana eta San Inazio kale inguruak berriz urbanizatzeko burutuko direna. Era berean, datozen hilabeteotan, igobide bat eraikiko da Pedro Muguruza etorbidearen irisgarritasuna hobetzeko. Horretaz gain, berritu egingo da baserri bideetako zenbait zatitan dagoen asfaltoa.