Sekulako jatorduak egin, Maalako parkea estaltzeko adina erregaloko paper gastatu… eta gero esango dugu opari txikiena izan dela gehien ukitu gaituena. Urrunetik iritsitako postala, aspaldi egon gabeko batekin hartutako tragoa, paper zaharren artean topatutako liburu horitua … Eta egia da, zeinen gauza gutxi behar dugun irrifar bat ateratzeko! Baina, orduan, zertarako horrenbeste parafernalia?
Nahikoak dira lagun on pare bat eta arratsaldea pasatzeko aitzakia. Hala joan ginen gabon aurreko asteburuan Barakaldora. Edo, nahiago baduzue Bilbao Exhibition Centerrera; askoz fashionagoa da eta. Txapelketak eragiten dituen ezinegon guztien uretan murgiltzera, zalantza eta beldur artean, ilusioa eta esperantza nahastuz, baina guztiaren gainetik denok txalo joka, milaka lagun burrunbaka. Aitzakia ederra izan zen bai, txapeldunak berak azken agurrean aitortu zuen bezala.
Txapeldun handia baitauka Bizkaiak. Oholtzara igo eta gehien transmititzen didan bertsolaria da Igor Elortza, entzun dudan bakoitzean arrastoa utzi du nigan. Esaten duenagatik, esateko eragatik. Bere hiru saio ditut ia buruz ikasiak, demasak hirurak, eta hiruetan presente egotearren zorteduna ni. Donostiako Belodromoan botatakoak lehenak, Manu Chaoren Desaparecido doinutik abiatuta. Donostian bertan Atano III frontoian arrantzalearen emaztearen ahotik botatako hiru bertsoak ere, antologikoak, beste hark esaten zuen bezala; lastima interneten aurkitu ez izana. Eta azkenak, Bizkaiko finalean bertan entzundakoak, behean idatziak:
Berrogeita hamar urte badira
zabaldu zela ospera
orduz geroztik hamaika auzoko
etorri da erostera
garbikaria zein jatekoa
bazkal aurreko zein ostekoa
dana aldatu ete da
oin be jendeak hona etorteko
eukiko leuke aukera
baina zergatik ez da etorten
horixe da nire galdera
danek dinoe denda txikiak
dira politak ta egokiak
baina konprak egitera
guztiak Max Centerrera.
Amama zelan (…)
ez euki ez gaur akorduan
zelan ibiltzen ziren lanean
gogoan daukat buruan
beti umorez, beti barritsu,
ni ahalegindu naz euren bardintsu
erretratua dogu han
azken eguna aurrera doa
segunduan segunduan
ta auzokoak agertu dira
uste ez da deskuiduan
orain artean saldu ez direnak
gaur be debaldu dozuez danak
zabaldu eben orduan
harek ein eben moduan
Izarren hautsa doinuan, agian oraindik bereziago bihurtuz, bi bertso bikain josi zituen durangarrak, aspaldi entzun ez nituen modukoak.
Eta beste hainbat bertso on ere joan zen saioan zehar, ia denak. Gehiagoren gogoz itzuli nintzen etxera, baina pozik. Ze gauza gutxi behar dugun batzuetan…