Atxotegi eta Loiola finalerako sailkatuta
Lagunak taldeko Atxotegi-Loiola bikoteak San Anton pilota txapelketako final handia jokatuko du urtarrilaren 16an. Baina oraindik erabakitzeko dago norgehiagokan parte hartuko duen bigarren bikotea. Andreu azkoitiarrak eta Jauregi plaentxiarrak finalerako txartela eskuratu nahi izanez gero, duten guztia eman beharko dute gaur iluntzean, Yoldi eta Larrinagaren aurka. Ez dute lan erraza izango, Eneko Yoldi huartearra sasoi betean iritsiko baita Elgoibarrera; orain dela gutxi berak jantzi du txapela DV Torneoan, afizionatu mailako txapelketarik prestigiotsuenetakoan. Bere dohainak gertutik jarraitzeko abagune aparta izango da, hortaz.
Urtea hastearekin batera, urtarrilaren 2an, lortu zuten finalerako pasea Atxotegik eta Loiolak. Rico eta Otxotorenaren aurka 21 eta 22ko emaitzarekin irabazi zuten emozio handiko partidan. Izan ere, 21 eta 20 galtzen joanda, bi tanto jarraian egitea lortu zuten Elgoibarko taldeko bi pilotariek. Promesa mailan beste elgoibartar batek, Kepa Lizarraldek, ere jokatu zuen lehen jardunaldian, baina ezin izan zuen sailkapena erdietsi. Gorkak eta Merinok lortu zuten promesa mailarako txartela ematen zuen garaipena partida estua jokatu eta gero.