Gaixo bat Donostiara lekualdatzeko lur hartu zuen helikopteroak Mintxetan

elgoibarren.net 2009ko urt. 15a, 10:42

 
Mendaroko Ospitalean ingresatuta zegoen gaixo bat urgentziaz Donostia Ospitalera lekualdatzeko lur hartu zuen, atzo eguerdian, Osakidetzako helikopteroak Mintxetako futbolzelaiko berdegunean. Harridura eta ikusmina sortu zuen parean harrapatu zituen herritarrengan, ez baitzekiten zer gertatzen ari zen.



 Ez da Osakidetzako helikoptero batek Mintxetan lur hartzen duen estreinako aldia izan, 2007an ere larrialdietako lur-hartzea egin baitzuen helikoptero batek, bihotzekoak eman zion elgoibartar bat, J.M. Eguren, ahal zen bizkorren ospitalera eramateko.
 Oraingoan, baina, badirudi Mendaroko Ospitaleko larrialdi zerbitzuak handitzeko eta hobetzeko egiten ari diren lanak daudela Mintxeta behin behineko lur hartzeko pista moduan erabili izanaren atzean.
  Gaixoa Mintxetara eraman zuen anbulantzia eta helikopteroa ikusi zituzten herritarrek harrituta jarraitu zuten operazio guztia. Organu aldaketaren bat egiteko ebakuntza izan zitekeela uste zuten batzuk, bihotzekoren bat izango zela beste batzuk, baina larrialdizko leku aldatze bat izan zela argitu zen gero. Izan ere, gero eta gehiago erabiltzen du Osakidetzak helikopteroa horrelako kasuetan.
 
*Argazkia: Aitor Zabala (DV)