Txiringitoa edukiko dute Mintxetako igerilekuek

elgoibarren.net 2009ko mai. 12a, 10:28

 
Uda honetan taberna zerbitzuaz gozatzeko aukera izango dute Mintxetako aire libreko igerilekuetako erabiltzaileek aldagelen alboan jarri dituzten egurrezko bi etxola edo txiringitotan, probisionalki, jarriko duten tabernari esker.

 

  Udalak lehiaketa publikorako deialdia egin du, datorren uztailetik aurrera, Mintxetako instalazioetako taberna, kafetegi eta jatetxe zerbitzua ustiatzeko. Kontratua eskuratzen duenak, gainera, bigarren urtetik aurrera, aire libreko igerilekuetan taberna eta kafetegi zerbitzua eskaintzeko eraikin bat egokitu beharko du. Bien bitartean, aurten, egurrezko txiringitoak jarri dituzte probisionalki.
 Aurrekoez gainera, ustiapenaren hirugarren eta bosgarren urtearen bitartean, esleipendunak jatetxe zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak diren obrak egin beharko ditu. Horretarako, oin berriko eraikin bat egin beharko du, gaur egun kirol instalazioetako kafetegia eta komunak kokatuta dauden eraikinaren goialdean, Mintxetako sarreran. Hortaz, tenis eta padel pista berriak egiteko egin zuten moduan, aurrez eraikita zeuden eraikinen teilatuak baliatuko dituzte zerbitzu berriak eskaintzeko. Hain zuzen, lanak martxa onean doaz eta padel pistak uztailerako erabiltzeko moduan izango direla espero dute udal arduradunek.
15 urterako
 
Esleipedunak Mintxetako igerilekuetan taberna zerbitzua emateko txiringitoa (gutxienez, 50.000 euroko inbertsioa egin beharko da) eta jatetxea instalatzeko eraikina (300.000 euro inguruko inbertsioa) egiteko ardura izango du. Esleipendunak, gutxienez, 15 urtez ustiatuko ditu instalazioak egoki irizten dion moduan. Horretaz gain, bost urteko bi luzapen eduki ahal izango ditu. Ostalaritza zerbitzu horiek eskaintzeko instalazioen ustiapen epea igaro ondoren, instalazioak Udal Kirol Patronatuaren eskuetara itzuliko dira.
 
Argazkia: elgoibar.org