Elgoibarko danborradak Arabako Guardia herrian joko du

elgoibarren.net 2009ko mai. 14a, 15:47

 
Elgoibarko danborradak Guardian joko du San Joan jaien atarian, ekainaren 20an. Lehenbiziko aldiz joko da danborrada Guardian (Araba) eta “ohore handi bat izango da bertan egotea” adierazi du Elgoibarko Udaleko kultur zinegotziak, Iñigo Zearsolok. Bestalde, danborradako kartel lehiaketa Jabi Barrenetxeak irabazi du.

 


  Ekainaren 20an izango da Guardiako estreinako danborrada, eta 19:00etan hasiko da: “Ordu eta erdi edo bi orduko iraupena edukiko du Guardiako kaleetan. Ekintza oso garrantzitsua da, Guardian lehenbiziko aldiz joko delako danborrada, eta ohore handia da elgoibartarren eskutik izatea. Eurak pozik daude, eta gu, gehiago”, adierazi du Elgoibarko Udaleko kultur zinegotzia den Iñigo Zearsolok. Juan Carlos Arrieta danborradako presidentea pozik agertu da gonbidapenarekin: “Oso pozik gaude danborradak kanpora irteten duen lehen aldia delako”. Udal Musika Bandarekin batera joango dira Araba aldeko lurretara, “Danborradak jo behar duenez, Udal Musika Banda ezin zen joan gabe geratu, eta beraz, biek joko dute danborrada”, azaldu du Zearsolok

Kartel lehiaketa Jabi Barrenetxearen lan batentzat
  Bestalde, Trinitateetako Nagusien Danborradako aurtengo kartela eginda dago. Jabi Barrenetxe diseinatzaileak irabazi du lehiaketa. Danborrak irudikatu ditu kartelean, eta 300 euroko saria eskuratu du. Eriberto Rodriguez, Jabi Barrenetxearen lagunak, jaso zuen irabazleari dagokion saria (argazkian).
Azken bi urteetako irabazlearen, Jose Manuel Esnalen lekukoa hartu du Barrenetxeak.

2008ko kartel irabazlea.

2009ko kartel irabazlea.

Lotura duten albisteak: