Ibilbidea urterokoa izango da: Karakatera igo, handik Irukurutzetaraino, Otxortian indarrak berreskuratu eta Azkarateraino jaitsi. Berriz gorako bidea hartu eta Urnobitzako aldapa gogorrak gainditu ondoren, Altzolaraino jaitsiko dira. Erdi lanak eginda, itzuliaren bigarren zatiari ekingo diote mendizaleek Altzolan. Bioineraino dauden aldats gogorrak igo eta Aiastian bigarren atsedenaldia izango dute zain parte hartzaileek, Murkaikupe frontoian. Indarberriturik Morkaiko eta Kalamua, eguneko azken aldapa gorak, gainditu beharko dituzte Elgoibarrera jaitsi aurretik. Amaieran, egunean zehar bizitakoak elkarri kontatzeko aukera edukiko dute Merkatu Plazako azken solairuan egingo duten bazkarian. Iaz 200 lagunek egin zuten Morkaiko Mendizale Elkarteak urtero antolatzen duen itzulia eta orain bi urte, 2007an, 253 lagunek egin zuten itzulia, sekula baino gehiagok.
•Argazkiak mediatekan: