Gotzon Garateren 'New York, New York' liburua berrargitaratu dute

elgoibarren.net 2009ko mai. 15a, 14:24


Gotzon Garateren heriotzaren urtea betetzera doanean, omenaldi moduan, idazle elgoibartarraren New York, New York kronika liburua berriz ere eman du argitara Elkar etxeak. Hizkuntzaren gaurkotzeaz Ainhoa Lendinez Garate, idazlearen iloba arduratu da, eta azal berria erantsi zaio. Hitzaurrea ere berria da, Juanra Madariagak idatzia.

 


1706640331360 Gotzon Garateren 'New York, New York' liburua berrargitaratu dute

 New York, New York 1988an kaleratu zen estrainekoz. Liburu honek zenbait berrikuntza ekarri zituen Garateren obran: batetik, kronikaren generoa landu zuen estreinako aldia zen; bestetik, euskalki guztietako ekarriak bereganatzeko asmo ageria erakusten du Gotzonen idazkerak. Bestalde, New York, New York liburuak agertzen duen hiria gure zibilizazioaren hiriburu globala da, inperioaren gunea, ametsen hiria, munduan den herririk harrigarrienetakoa. Egileak esaten zuen eran, beste edonon aurkitzen diren alderdi on eta txarrak aurkitu litezke bertan. Munduko bost hegaletatik heldutako kulturak, denetariko jendea eta hamaika bizimodu bitxi elkartzen dira New Yorkeko kaleetan: hilketak, droga, gangsterrak, bortxakeria eta jende bihotz-zabal eta jatorra.

  Idazten zuena ezagutzen zuen, hemezortzi udaldi eman zituen-eta Garatek hiri hartan: Bronxeko Fort Apachen lehenik, eta Manhattanen gero, Harlem eta Washington Bridge ondoan, munduan drogarik gehien saltzen omen den auzoan. Berak zuzenean ezagutu zituen gertakariak edo auzo horietan gertatu izan zirenak eskaini zituen kontakizunean.
Aurkezpena Deustun
 Lehen Euskal Filologia Fakultatea sortzeko ausardia eduki zuen Garatek horrenbeste urtean irakasle izan zen Deustuko Unibertsitatean (Bilbon), eta atzoko aurkezpena ere unibertsitate girokoa izan zen, hainbat irakasle entzule zela Deustuko Unibertsitatea aukeratu baitzuen Elkar argitaletxeak liburuaren edizio berritua aurkezteko. Manu Etxeberria ere jardun zen atzoko aurkezpenean, Deustuko Unibertsitatean filologiako ikasketen buru egiten duena, alegia. Gotzon Garatek burutzeke utzi zuen esamolde-bilduma bat bukatzen ari da orain Etxeberria.
 Gotzon Garate Elgoibarren jaio zen, 1934an, eta euskal idazle eta filologo garrantzitsuenetarikoa izan zen. Iaz hil zen, Bilbon, 74 urte zituela.