Haundik Burgoseko jokalarien gehiegizko konfiantza aprobetxatu behar du

elgoibarren.net 2009ko mai. 29a, 12:16

Joaneko partidako 2-0ekoa abantaila handia den arren, Burgoseko jokalariek lana eginda dutela uste izatea izan daiteke Haundik Burgos taldea gainditzeko gakoetako bat. Gaztelarrak baikor ageri dira, baikorregi beharbada, taldea bultzatzen duen web gune batean ikus daitekeenez. C.D. Elgoibarrek, bestalde, zapatuan, 17:30ean, Mintxetan jokatuko den partidu erabakigarria ikustera oinez joateko deia egiten diete zaleei.
  • Burgos eta Elgoibarrek Plantion jokatutako partidaren bideoa dauka.


BIDEOA: Burgos 2 – Elgoibar 0. Plantio futbolzelaian jokatutako joaneko partidako golak eta Burgosek huts eginiko penaltia (Burgos Club Virtual TV)

Konfiantza larregi?
  Elgoibartarrek Burgoseko jokalarien gehiegizko konfiantzan eduki dezakete maldan gora duten kanporaketa gainditzeko aukera. Izan ere, Burgos Club Virtual web gunean (ez da ofiziala) irakurri daitekeenez, kanporaketa gainditzeko itxaropen handiak dituzte Burgoseko jokalari eta teknikoek. Baikor ageri dira oso, eta dagoeneko, web gunearen arabera, hurrengo kanporaketan tokatuko zaien taldean pentsatzen hasi dira. Hurrengo kanporaketan “Elgoibar baino talde indartsuagoari” aurre egin beharko dutela ere aipatzen dute.

Mintxetara oinez joateko deia
  Autoan beharrean Mintxetara oinez joateko eskatu nahi diete C.D. Elgoibarko arduradunek Haundi eta Burgosen arteko partida ikustera joan nahi duten zaletuei.
Elgoibar eta inguruko herrietatik, eta Burgos aldetik, jende mordoa etortzea espero dutenez, garaiz eta oinez igotzeko gonbitea luzatu nahi diete arduradunek. C.D. Elgoibarko bazkideei ere garaiz joateko eskatu die Jose Luis Insausti presidenteak ,”tribunetan lekurik topatu nahi badute, behintzat”.

Burgoseko 400 jarraitzaile espero dituzte
  Burgosetik 400 bat lagun etor daitezkeela uste da. Santa Monica peñak Elgoibarrera etortzeko autobusak antolatu ditu eta dagoeneko 100 bat lagun inguruk eman dute izena, baina azken orduan batuko direnak gehiago izango direla uste dute, eta autoetan etorriko direnekin batera, Mintxetako harmailetan 400 bat Burgoseko jarraitzaile batzea espero dute.
Lotura duten albisteak: