Burgosetik etorri ziren ehunka jarraitzaileek majo sufritu zuten zapatuan Mintxetan. Partidaren hasiera nahiko lasaia izan zen kanpotarrentzat, baina lehen zatia amaitzear zela, 45. minutu psikologikoan, Pinillak Haundirentzat sartu zuen golak urduritasuna eta itxaropena eraman zituen harmailetara; urduritasuna Burgoseko jarraitzaileei eta itxaropena elgoibartarrei.
Bigarren zatian gogotik saiatu ziren Haundiko jokalariak kanporaketa berdinduta lagako lukeen gola egiten, baina ahalegin guztiak antzuak izan ziren. Elgoibartarren grinari aurre egiteko erasoaz ahaztu eta euren ate ingurua gotorleku bihurtu zuten gaztelarrek bigarren zati guztian. Gola sartzeko aukera argiak eduki zituen Haundik, punteria ezak batzuetan, eta Burgoseko Aurreko atezainaren lan onak besteetan, ezerezean laga zituenak. Amaieran, garaipena Haundiren alde, baina sailkapena Burgos taldearentzat. Gaur bertan egingo den zozketan jakingo dute Bigarren B mailarako bidean zein talderen aurka jokatu beharko duten hurrengo kanporaketa.
Haundikoek, bestalde, merezitako oporrak hartuko dituzte. Mailari eusteko asmoekin hasi zuten denboraldia eta liga amaierara arte lehen postuan amaitzeko zorian izan eta gero, hirugarren amaitu eta sailkapen fasea jokatzeko sailkatu ziren Jagoba Arrasate entrenatzaile gazteak entrenatutako mutilak. Orain dela ez horrenbeste Haundirentzat makina bat gol sartu zituen Arrasatek jokalari gisa eta entrenatzaile moduan Haundirekin egin duen lehen urtean estreinaldi ezin hobea eduki du.
∞Lotura duten albisteak:
- Haundik Burgoseko jokalarien gehiegizko konfiantza aprobetxatu behar du (2009-05-29 elgoiBARREN.net)
•Argazkiak:
{mosimage} |