Kadete mailako Gipuzkoako Kopako finala Mutrikun jokatu zen joan den domekan (maiatzak 31). Elgoibarko IMH eta Zarautz taldeak ailegatu ziren finalera eta 28-24 izan zen azken emaitza elgoibartarren alde. Garaipen honi aurrez lortutako Euskadiko Txapelketa eta Valladoliden jokatutako Espainiako Txapelketako sektorean eginiko lan ona gehituz gero, denboraldi borobila osatu dute IMHko neskek.
•Tecnifuelle taldeak ere Kopa irabazi du
Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeko talderik aipagarriena izan da, beharbada, IMH aurtengo denboraldian, baina gainontzeko taldeek ere maila bikaina erakutsi dute. Senior mailako Tecnifuelleko neskek, esaterako, Gipuzkoako Kopa eskuratu dute. Zumaiako Lubaki kiroldegian, Andoaingo Leitzaranen aurka jokatutako norgehiagokan lortu zuten titulua elgoibartarrek. Azken minutura arte ez zen erabaki irabazlea. Elgoibartarren atezainak penalti bat gelditu zuen, eta berdinduta amaitu zen partida. Ondorioz, bost minutu luzatu behar izan zuten norgehiagoka. Parekatuta jarraitu zuen lehiak, eta azkenean, gol bateko tartearekin irabazi zuten elgoibartarrek: 25-24 emaitzarekin.
Bestalde, Elgoibarko Aterpe taldeko neskak ere Gipuzkoako txapeldun geratu dira infantilen mailan. Orain Euskadiko Kopa dute aurretik.
•Denboraldi amaierako afaria
Urtero legez, denboraldi amaierako afaria egingo dute Sanloko jokalari, entrenatzaile, zuzendaritzako kide, guraso eta babesleek. Ekainaren 20an egongo dute Harzubi jatetxean. Badute zer ospatua.
Urtero legez, denboraldi amaierako afaria egingo dute Sanloko jokalari, entrenatzaile, zuzendaritzako kide, guraso eta babesleek. Ekainaren 20an egongo dute Harzubi jatetxean. Badute zer ospatua.