‘Carmina Burana’ obra interpretatuko du Elgoibarko Perkusio Taldeak

elgoibarren.net 2009ko eka. 3a, 11:30

 
Carl Orff-en Carmina Burana obra ezaguna eskainiko dute Elgoibarko Perkusio Taldeak eta Arrasateko Goikobalu abesbatzak, datorren ekainaren 13an, San Bartolome parrokian. Inazio Bereziartua musika eskolako perkusio ikasleek eta ikasle izandakoek osatzen dute Elgoibarko Perkusio Taldea.


  • Noiz: ekainak 13, zapatua
  • Non: San Bartolome parrokian
  • Ordua: 20:30

Bost urteko ibilbidea
 Orain dela bost urte sortu zen Elgoibarko Perkusio Taldea. Musika Eskolan ikasle izandako perkusio jole batzuk bildu eta kontzertu bat ematea erabaki zuten. 2004ko apirilaren 2an eskaini zuten estreinako kontzertua Herriko Antzokian eta Antzokia betetzea lortu zuten. “Kontzertu benetan ederra izan zen” gogorarazi du Gorka Mujika taldekideak. Kontzertu gehiago etorri ziren gero, Azkoitian eta Durangon, esaterako. Izenak adierazten duen moduan perkusio instrumentuak bakarrik erabili ditu taldeak orain arte, baina, “aurrera pauso” bat eman nahi izan dute eta Arrasateko Goikobalu abesbatzarekin batera eskainiko dute hurrengo kontzertua Elgoibarren.
  Kontzertuak bi zati izango ditu. Lehenengo zatian, perkusio jole elgoibartarrek bost pieza joko dituzte. Bigarren zatian, berriz, perkusio taldea, Goikobalu abesbatza eta bi piano jole aterako dira Carmina Burana obra jotzera. Ez dute obra osoa joko, aukeraketa bat baizik: Bi piano, perkusioa eta abesbatzarentzako espresuki prestatutako bertsioa, alegia. Silvia Hernandez elgoibartarra eta Arkaitz Mendoza izango dira pianistak.

Programa

1.zatia:
1. Common man...........................A Copland
2. Normandy beach......................David Gillinghan
3. Queen os Saba..........................Haendel
4. Eperra....................................... Nico Etxart
5. La bamba.................................W. Cahn

2. zatia
    Carmina Burana.............................Carl Orff


Apocalipsis now filmako musika

 Carl Orff musikagile alemaniarrak 1936.urtean sortu zuen Carmina Burana, latinezko eta alemaniera zaharreko testuak erabiliz. Melodiak mendebaldeko tradiziokoak dira, hau da, oso erritmikoak, eta, hortaz, gogoratzeko errazak izaten dira. Perkusioak garrantzi handia du obran, eta horrek markatzen du erritmo nagusia. Horrenbestez, publiko mota guztientzako egokia da obra; musika klasikoan aditua izan edo ez, edozeinek goza lezake musika klasikoko pieza honetaz. Apocalipsis now filmaren soinu bandan agertu zelako ere oso ezagun egin zen.