Yulenek sei urterekin hasi zela marrazten aipatzen du Sesenta y Mas aldizkariak egin duen erreportajean. Urte guzti hauetan -88 urte dauzka orain- Elgoibarrek izan duen bilakaeraren lekuko pribilegiatua izan da gaur egun Eibarren bizi den elgoibartarra. Akorduan dauzka Elgoibar nekazal herri txiki bat besterik ez zeneko bere ume denborak, nola maitemindu zen marrazkigintzaz sasoi hartan herrian zegoen eskola bakarrean. Asko aldatu da gure herria ordutik hona, batez ere, 60. hamarkadan eman zen garapen industrialaren ondorioz. Bilakaera guzti hori maisuki jasota laga du Yulenek bere marrazkietan: erakinak, paisaiak… desagertuak batzuk, eta zutik dirautenak beste batzuek.
Pello Arrieta historialariak idatzitako Elgoibar: iragana eta oraina ilustratzeko eginiko lana ere hizpide izan dute Yulenek eta Pellok berak erreportajean. Yulenek lumarekin egindako 200 bat marrazki biltzen ditu Elgoibarko arkitektura zibila eta arkitektura erlijiosoa biltzen dituen liburuak. Historia izan duten eraikuntzak edo elementuren bati eutsi dieten eraikuntzak, alegia. Besteak, beste, liburua egitera bultzatu zituen arrazoiak eta berau gauzatzeko eman dituzten pausoak azaltzen dituzte biek.
- Erreportajea osorik irakurtzeko: Julian Zabaleta “Yulen” (60ymas pdf)