Belodromoko soinuak asko lagundu ez arren, Neil Youngek ozen eta erritmoz jotzen du, kantu biziekin ekin dio, gitarrari txinpartak atereaz, orro eginaraziz. Hala ere, kantu luze eta motelenean jo du aurrenekoz goia, Cortez the killer-ekin jendeak aho batez erantzun du. Bere garaian Zuma diskoa debekatu zioten Espainian, kantu honetan Hernan Cortesengatik esaten direnegatik. Bat-batean jabetzen naiz, oholtzan Totem bat argitzen dutela tarteka. Lehenago Pocahontas joa dute, eta baxua jotzen ari den Rick Rosasek, zeinak baitirudi txikano peto petoa, badirudi indartu egiten duela aitatu kamisetan ikusi uste dudana. Ez dira asko, Ameriketako inperio anglosaxoiaren ordezkariak, bertako indigenekin gogoratzen direnak.
Kontzertua aurrera doa, kantu akustikoekin belodromoa isil isilik adi, eta berriz ere elektrikari heldu dionean bigarrenez jo du goia Down by the river-ekin.
Neil ez da gaztea bere abizenak edo Euskadi Gazteak hala dioten arren, hirurogeitaka urte ditu, baina zaharra ere izan liteke eder, basa, egosgogor, zaratatsu (tarteka ozenegi ere bazegoen bere kitarra, taulakideen oso gainetik). Bi ordu izan ziren, ez deskantsu, ez mertzenario, etenik gabe ekinean emanak, baina beste ordu erdiren goseak geratu ginen gutxienez. Igandea zen, astelehen bezpera eta tira, etxera abantatu behar, ardi galduok, otsoari hortzak ikusita.
- Ikus hemen: Asier Etxanizen testu guztiak