Inauguratu dute Madalako parke berritua

elgoibarren.net 2009ko eka. 5a, 16:03

{vimeo}5016917{/vimeo}Beharginek azken egunotan egin duten ahalegin bereziaren ostean, gaur hasiko diren Trinitate jaietarako prest egongo da Madalako parke berritua. Udal agintariek azken hilabeteotan –iazko azaroan hasi ziren lanak- parkean egin dituzten lanen nondik norakoak azaldu dituzte. Bideo honetan Madalako parkea berritzeko lanek izan duten bilakaera ikus daiteke, eta amaieran, gaur egun duen itxura.


Argia protagonista
Berritu den ingurune guztian protagonismoa argiari eman nahi izan diotela azaldu du Alfredo Etxeberria alkateak: “Gauetan, asteburuetan, batez ere, inguru argitsua sortu nahi izan dugu, terraza giroa egon dadin, besteak beste”. Inguru honetan, lorategiak, eserlekuak eta makila itxurako argiak dira gehien nabarmentzen diren hirigintza elementu berriak. “Lehen autoak aparkatzen zituzten lekuetan lorategi txikiak jarri ditugu”. Bertan landatu dituzten lorak eta zuhaixkak behar bezala hasteko pixka bat itxoin beharko dela ohartarazi dute, baina behin hasita daudenean horiek zaintzearen ardura guztiona izango dela nabarmendu nahi izan dute Alfredo Etxeberria alkateak, Ricardo Garate Hirigintza zinegotziak eta Ovidio Campello (PSE-EE) zinegotziak. “Denon artean zaindu behar ditugu eta ume eta txakurren ardura, esaterako, gurasoena eta jabeena izango da

Eszenatoki berria
Aurrez zegoen eszenatokiak, berria izanagatik, kexa ugari sortzen zituen: itoginak, txikia zela, deserosoa, e.a. Hortaz, egin duten eszenatoki berria aurrekoa baino handiagoa, 100 m² ditu, eta kontzertu eta emanaldietarako teknikoki hobeto prestatua dago. Gainera, lehen komun publikoak zeuden lekuan, eszenatokia erabili behar dutenentzako aldagelak egokitu dituzte, dutxa eta guzti. Komunak plazan bertan daude orain; eszenatoki aurrean, ibai aldean. Bakarrik garbitzen diren komunetakoak dira, bata ezinduentzat egokitua. Egun berezietan luza daitekeen arren ordutegi mugatua edukiko dute.

Pibote elektronikoak
Autoen sarrera-irteerak kontrolatzeko sentsoreekin hornituta dauden pibote elektronikoak jarri dituzte Madalako parkearen inguruan, bi tokitan: San Lazaro egoitzaren ate aurrean eta Madalako parkearen sarreran (Malape tabernaren parean). Gaur egun San Frantzisko iturriaren ondoan funtzionamenduan dagoen sistemaren antzerakoa izango da, baina zertxobait modernoagoa. Batak –San Lazaro egoitza parekoak, urruneko aginduaren bitartez funtzionatuko du eta besteak txartela beharko du. Bide batez, ingurua berritu dutenetik autoen abiadura "dezente" jaitsi dela igarri dutela azaldu du Ricardo Garatek.

Txosnak ilaran
Txosnak jartzeko lekuan ere pentsatu dutela azaldu du alkateak. “Aurrerantzean ilaran jarri beharko dira txosna guztiak, ibaiari bizkarra emanez”. Udal arduradunen asmoa, txosna guztiak eszenatokira igotzeko dauden eskaileren parean, ilaran jartzea da.

Estalpea

Madalako parkeak estaltzeko aukera eskaintzen du. Zoruaren azpian, puntu estrategikoetan jarri dituzten ezkutuko heldulekuei esker plaza estaltzeko aukera dago, hala behar eta nahi izanez gero. “Ez dago arazorik, adibidez, patinaje pista estalia hemen bertan jartzeko” azaldu du Hirigintza zinegotziak. Umeen jolas parkea estaltzea izan daiteke beste aukera bat, urte sasoiaren arabera.


Lotura duten albisteak: