PSOEk eta ezker abertzaleak gora egin dute Elgoibarren, beste guztiek behera

elgoibarren.net 2009ko eka. 8a, 11:43

 
Partehartzea %42,88koa izan da Europako Parlamentuko hauteskundeetan, Elgoibarren. Horrek hainbat alderdiren jaitsiera ekarri du. EAJ-PNVk, esaterako, ia 600 bozka galdu ditu. Hala ere, alderdi batzuk gora egin dute: PSOEk eta ezker abertzaleak ehuna boto baino gehiago gehitu dizkiete lehengoei.
Bestalde, Ezker Abertzaleak 60 boto kendu dizkietela salatu du.


Partehartzea %42,88koa izan da.

  Abstentzioa nagusitu da Elgoibarren, Europako Parlamentuko hauteskundeetan bozkatzera deitutako elgoibartarren %57,12 ez zelako atzo bozkatzera joan. Aurreko hauteskundeetan, 2004an, abstentzioa %50,52koa izan zen. Hauteskundeek eta trinitateek bat egitea beharbada izan dute partehartzean eraginik.
 


  Elgoibarren alderdirik bozkatuena EAJ-PNV izan da aurtengo hauteskundeetan, 1.252 botorekin. Bototan nabarmen jaitsi dira jeltzaleak: orain dela bost urte 1.824 boto jaso zituzten.

  Bigarren alderdia, berriz, PSOE izan da. Sozialistek 140 bozka irabazi dituzte orain dela bost urteko hauteskundeak kontuan hartuz gero. 931 boto lortu dituzte, eta 2004an 788.

  Iniziatiba Internazionalistari 769 elgoibartarrek eman diote botoa. Sastreren alderdiak ezker abertzalearen babesa jaso du. Sektore politiko horrek gora egin du, 2004an 651 bozka jaso baitzituen Herritarren Zerrenda plataforma ilegalizatuak.

  PP alderdiak ezin izan die botoei eutsi, eta ehun bozka baino gehiago galdu ditu. 483tik 359ra.

  EA eta Aralar alderdiek batera jo dute hauteskundeetara, Herrien Europa-Berdeak koalizioan. Bost urtean ia 200 bozka baino gehiago galdu dituzte bi alderdi horiek. 2004an 516 eskuratu zituzten (455 EAk eta 61 Aralarrek), eta aurten 302.

  Beherakada nabarmena izan duen beste alderdi bat Ezker Batua izan da. 2004ko hauteskundeetan 107 boto eskuratu zituen Elgoibarren, baina orain 48 baino ez dituzte lortu.

  Beste alderdiek 183 boto jaso dituzte.
Ezker abertzalearen salaketa
Ezker Abertzaleko kideek atzoko hauteskundeetan 60 bozka kendu dizkietela salatu dute. “Jasotako aktak begiratu ondoren, 60 bozka kendu dizkigutela konturatu gara. Guztira 829 bozka jaso ditugu, baina, erru bat egon da, eta 60 bozka UCEri jarri dizkiote. Izatez, 62 dauzka alderdi honek, baina gure aktetan, bi bozka besterik ez ditu, hain zuzen ere”.

Lagunez inguratuta joan zen Arnaldo Otegi botoa ematera.

Komunikabide asko batu ziren Kultur Etxeko hauteslekuan Otegiren irudia hartzeko.

 
Lotura duten albisteak: