•Emakumeen Bira
Lagun Taldea txirrindulari elkartearen laguntzaz antolatu duten Emakumeen Birako etapa arratsaldeko 16:30ean hasiko da Plaza Handian, eta 79 kilometroko ibilbidea egin ondoren, helmuga Mintxetan izango da 18:30ak inguruan, antolatzaileek eginiko kalkuluen arabera. Txirrindularien artean, iaz ia etapa guztiak eta sailkapen nagusia irabazi zituen Marianne Vosek ez du aurtengo aldian parte hartuko. Fabiana Luperinik (2006) eta Edita Pucinskaitek (2002) badakite Emakumeen Bira irabaztea zer den, eta hauek bai, irteera puntuan egongo dira. Claudia Haussler, Tatiana Guderzo eta Nicole Cooke; Munduko Txapeldun eta Txapeldun Olinpikoa den galesa ere faborito nagusien multzoan sartzeko modukoak dira. Euskaldunen artean, Eneritz Iturriaga nabarmendu behar da, “El Conquistador del fin del mundo” telebista saioan parte hartu izanagatik ezagun egin den abadiñoarra. XXII. Emakumeen Bira Bizkaian, Gipuzkoan eta estreinakoz Araban korrituko da, gaurtik (ekainak 11) ekainaren 14ra. Bost etapa izango ditu eta 19 taldek parte hartuko dute: guztira, 114 txirrindulari. Horietatik lau euskaldunak dira: Bizkaia-Durango, Lointec-Ugeruaga, Debabarrena-Kirolgi eta Tolosa.
•Elgoibar-Elgoibar 3B etapa, ekainak 13
- Ibilbidea: Elgoibar-Elgoibar
- Luzera: 79 km.
- Mendateak: San Migel (3. mailakoa), Kalbario (3. mailakoa)
- Mendate bi, aprobetxatu nahi dituenarentzat. Lehenengoa, San Migel, luzea baina aldapa eramangarriak dituena; bigarrena, Kalbario, laburra eta zitala. Lasterketa hautsi dezake Kalbariok. Igoerak 2,5 kilometro bakarrik ditu, baina aldapa batzuek %13rainoko pendiza dute. Hori gutxi balitz, etapako azken 400 metroak, Mintxeta kirolgunera ailegatzeko aldaparenak ere gorantz dira.
•Euskadi vs Tecnifuelle
Txirrindularitzarekin batera, eskubaloiak ere izango du bere tartea zapaturako antolatutako ekintzetan. Hala, Sanlo eskubaloi taldeak nesken arteko norgehiagoka interesgarria antolatu du. Jubenil mailako Euskadiko selekzioak Elgoibarko Tecnifuelle taldearen (argazkian) kontra jokatuko du Olaizaga kiroldegian, 12:00etan hasita.
•Beste ekintza batzuk
Kirol ekitaldi horiez gain, beste ekintza batzuk egingo dira eguna borobiltzeko: LH1 eta LH6ko ikasleek Emakumea eta kirola lemapean marrazki lehiaketa egin dute. Lan horiek udaletxeko arkupeetan jarriko dira ikusgai zapatu goizean, eta Emakumeen Birako etapa amaitu aurretik banatuko dira sariak, Mintxetan. Honako hauek dira lehiaketako irabazleak: Ane Lazpiur, Ane San Martin, Alaitz Loiola, Nerea Bastida, Leire Rodriguez eta Nora Kortaberria. Bizikleta bana eta Iturriaga etxeak emandako maillota jasoko dute sari moduan.
Bien bitartean, Gaztelekuko eta Kuadrillategiko gazteek mural bat margotuko dute Mintxetako sarreran dagoen horman, aurrez beste graffitti bat egin zuten leku berean, baina oraingoan emakumeak eta kirola uztartuz.