Elgoibar Ikastolan ezkutuan hartutako irudiak “Los Tentaculos de ETA” dokumentalean

elgoibarren.net 2009ko eka. 11a, 12:50

 
Ezkutuko kamerarekin Elgoibar Ikastolan hartutako irudiekin osatu dute “Los Tentaculos de ETA”; El Mundo TVk Telecinco katearentzat eginiko dokumentala. Telecincok joan zen ekainaren 3an, goizaldeko 1:00etan, eman zuen telebistan. Ikusi ezin izan zenutenontzat, Interneten dago ikusgai.

 


 Izenburuak argitzen duen moduan ETAren erroak, “tentaculos”, zein diren argitzen saiatzen da El Mundo TVk ekoiztutako dokumentala. Hezkuntzaren alorrean, Ikastoletan, hain zuzen, “Euskal Herria lurralde eta kultur errealitate independentea” dela dio ikerketa kazetaritzako erreportajeak, eta hori frogatu nahian sartu dira zenbait ikastoletan. Ezkutuko kamerak erabiliz osatu duten dokumentalean ez da zein edo nongo Ikastolak diren zehazten, baina ageri diren hiru ikastola ezberdinetako irudien artean, erraz identifikatu daiteke Elgoibar Ikastola.

“Ahotsa ez da berea eta datuak ez dira zuzenak”
 Ikastolako zuzendariak, Jabier Larrañagak, jakinarazi duenez, dokumentalean ezkutuko kamera erabiliz elkarrizketatzen duten "lankidearen ahotsa ez da berea eta azpitituluetan ageri diren datuak ere ez dira zuzenak, ez datoz eta bat gure eskaintzarekin”.
12. minutuan
 “Los Tentaculos de ETA” dokumentalak 45 minutuko iraupena dauka eta Elgoibar Ikastolan hartutako irudiak 12. eta 14. minutu artean ageri dira. Ingeles eta gaztelera ikastorduen kopuruaz galde egiten dio kazetariak Elgoibar Ikastolako irakaslea dirudien lagun bati –aurpegia ez ezagutzeko moduan ageri da-.