Elgoibarren eta Mendaron ez dago BARREN ezagutzen ez duenik

elgoibarren.net 2009ko eka. 12a, 15:37

 
Elgoibarko Izarra kultur elkarteak BARREN astekariari buruzko ikerketa egin du. Batetik, BARREN astekariaren irakurleen perfila ezagutzea zen helburua, eta, bestetik, herritarren iritziak jaso nahi izan ditu elkarteak.

 
 
 
 Lan hori egiteko 15.000 euroko diru-laguntza eman dio Eusko Jaurlaritzak elkarteari. Ikerketa lanak hiru zati izan ditu:
  1. Lehenengoan idatzizko inkestak bidali zituen etxeetara BARRENek (4.500 guztira).
  2. Bigarrengoan, herriko hainbat eragilerekin hamabost elkarrizketa inguru egin ditu, euren iritzia jasotzeko.
  3. Hirugarrena, zatirik garrantzitsuena, telefonozko inkestak izan dira. Azken atal hori Aztiker, inkesta soziologikoetan espezializatutako enpresak egin du. Elgoibar eta Mendaroko 725 etxetara deitu du, eta adin eta sexu diferenteetako herritarren iritziak jaso ditu.

1706640271451 Elgoibarren eta Mendaron ez dago BARREN ezagutzen ez duenik

7,7ko nota BARRENi
  Emaitzak oso onak izan dira, BARRENeko eta Elgoibarko Izarrako arduradunen ustez: irakurleek 7,7ko nota eman diote astekariari, eta ia herritar guztiek ezagutzen dute BARREN. Gainera, astekaria eskuartean hartzen dutenen %29k ez dute euskaraz ulertzen
 
Ikerketako emaitzarik esanguratsuenak

Zenbat jendek ezagutzen du BARREN? 15 urtetik gorako elgoibartar eta mendaroar ia guztiek ezagutzen dute BARREN, eta horietatik %91,4k inoiz irakurri edo gainbegiratu dute astekaria.

 

Zenbat denbora ematen du jendeak BARREN irakurtzen? Batez beste, 29,2 minutu pasatzen du jendeak BARREN irakurtzen.

 

 Zenbat jendek irakurtzen du BARREN astero? Asteroko ale bakoitzak, 8.500 irakurle ditu batez beste.

 

BARREN euskaldunen eskuetara bakarrik iristen da? Astero BARREN eskuartean hartzen dutenen %29 erdaldunak edo euskaraz ulertzen ez dutenak dira.

Badaukagu euskarazko aldizkariak irakurtzeko ohiturarik? Irakurleen gehiengoak ez du euskarazko beste aldizkaririk irakurtzen, eta %75ek ez dute euskarazko liburuak irakurtzeko ohiturarik.

 

Zer nota eman diote herritarrek BARRENi? Batez beste, 7,7ko nota eman diote irakurleek BARRENi. Ia erdiak 8koa eman dio.

Garrantzitsua da BARREN elgoibartarrontzat? Irakurleen %99,3k BARREN herriarentzat gauza ona edo oso ona dela esan du. Inork ez du esan BARREN herriarentzat gauza txarra denik.

 

 Zein da BARREN ondo baloratzeko arrazoi nagusia? Irakurleen ia erdiak gertuko informazioa baloratzen du gehienbat. Euskara indartzea ere begi onez ikusten dute %28k.

 Zer iritzi dute irakurleek BARRENeko euskarari buruz? Irakurleen %58,5ek inolako arazorik gabe ulertzen dute astekariko euskara. Hala ere, gehiago dira Elgoibarko euskalkiari lehentasuna eman behar litzaiokeela uste dutenak.

 

BARREN aldizkari plurala da? Irakurleen %93,4k BARRENek albisteak objektibotasunez tratatzen dituela uste dute, eta aldizkaria plurala dela diote %89k. Lerratua dela diotenen artean, EAJren eta Ezker abertzalearen aldeko joera duela esan dute irakurleek. %58,1 lehenengoaren alde, eta %54,8 bigarrengoaren alde.

Zelan tratatzen dira Udalaren gaineko albisteak? Bost herritarretatik lauk Udaleko albisteak objektibotasunez tratatzen direla uste dute. Hori horrela ez dela diotenen artean, gehiago dira Udalaren aldeko joera ikusten dutenak.

 

Udalak diru gehiago eman behar lioke BARRENi? Udalak BARRENeko aurrekontuaren %20a finantzatzen du, eta elkarrizketatuen gehiengoak diru gehiago eman beharko lukeela uste du.

 Nork argitaratzen du BARREN? Elkarrizketatuen %69,3k ez dakite BARREN nork argitaratzen duen.

 

BARREN ordaintzeko prest egongo lirateke elgoibartarrak? Aldizkaria irakurtzen dutenen bi herenak ordaintzeko prest egongo lirateke.

 Elgoibartarrok sartzen gara ‘elgoiBARREN.net’ atari digitalean? Bost herritarretatik bik baino gehiagok (%42,5) ez du inoiz Internet erabili, eta %35 ia egunero ibiltzen dira. Erabiltzaile horien artean, ia erdia ez da inoiz sartu atari honetan.