Elgoibarko Gurutze Gorriko hiru kide Kataluniako Sari Nagusian

elgoibarren.net 2009ko eka. 16a, 10:44

 
Moto GP-ko Kataluniako Sari Nagusian, Valentino Rossiren eta Jorge Lorenzoren arteko lehia zirraragarriaren –Rossik irabazi zuen Lorenzo azken bihurgunean gainditu ondoren-, lekuko pribilegiatuak izan ziren Elgoibarko Gurutze Gorriko hiru kide. Osasun zerbitzua eskaintzera joan ziren Montmeloko zirkuitura eta beste herrialdeetan lana nola egiten duten ikusteko balio izan die.

 


 “Gurutze Gorriak nazioartean egiten dituen ekintzetako bat gehiago da motoziklismo sarietan osasun zerbitzuak eskaintzea” adierazi dute Montmelon izan diren Elgoibarko Gurutze Gorriko hiru kideek. Aipatu dutenez, “izugarrizko esperientzia” izan da, eta datorren urtean ere berriz parte hartzeko asmoa aurreratu dute.
  Lan egitera joan baziren ere, pista ondoan kokatuta egon zirenez, “oso-oso gertu” eduki zituzten munduko motor gidari onenak, Valentino Rossi munduko txapeldun italiarra, besteak beste.
 Motorrek ateratzen duten zaratarekin ere txundituta itzuli dira. Eta gutxi balitz, azken urteotako lasterketarik estu eta interesgarrienetakoa bertatik bertara ikusteko zortea izan zuten, Valentino Rossi (Fiat-Yamaha) pilotuak Jorge Lorenzo taldekidea azken bihurgunean gainditu ondoren  irabazi baitzuen Moto GP-ko Kataluniako Sari Nagusia.