31 elgoibartarrek eman dute izena Quebrantahuesos proban

elgoibarren.net 2009ko eka. 18a, 10:57

 
Quebrantahuesos Sabiñanigon (Aragoi) hasi eta bukatzen den afizionatuen mailako nazioarteko proba ezaguna da; antxintxikara Behobia-Donostia litzatekeena, parekotasun bat bilatzearren. Aurtengo ekitaldia, XIX. edizioa, zapatu honetan (ekainak 20) korrituko da eta sekula baino parte hartzaile gehiago elkartuko dira irteeran, 10.300 lagun guztira. Elgoibartik 31 lagunek eman dute izena Quebrantahuesos proban parte hartzeko eta beste 11 lagunek laburragoa den Treparriscos proban.

 

Tourrean igotzen diren mendateak gainditu behar dituzte txirrindulari saiatuek.

 Quebrantahuesos
205 kilometroko proba da, mendate gogorrez josita (Somport, Marie Blanque, Pourtalet...). Gogortasun horrek, baina, erleak eztira bezala erakartzen ditu parte hartzaileak, uxatu beharrean. Munduko bazter guztietako txirrindulariak, 18 herrialde ezberdinetakoak, parte hartuko dute proban eta gipuzkoarrek osatuko dute multzorik jendetsuena, 1.466 txirrindulari gipuzkoar izango baitira. Elgoibartarrei dagokienez, 30 lagunek eman dute izena aurten, tartean emakume batek. Iaz, 2008an, 15 elgoibartarrek parte hartu zuten; 20 lagunek 2007an eta 27 lagunek 2006an. Treparriscos laburragoan (90 km.), berriz, 11 elgoibartarrek eman dute izena.

 Antolatzaileek (Peña Ciclista Edelweis) inoiz baino lagun gehiago onartu dituzte aurten eta 10.300 txirrindularik parte hartu ahal izango dute Quebrantahuesos (205 km) eta Treparriscos (90 km.) probetan. Ideia bat egitearren, Elgoibarko biztanle guztiek bizikleta hartu eta Quebrantahuesos egingo balute moduan izango da.