Arabako Guardia herrian joko du danborradak zapatuan

elgoibarren.net 2009ko eka. 18a, 14:13

 
Plan plin plana: 2009ko Trinitate jaiak bukatu zirela ia hilabete pasa eta gero danbor hotsak berriz entzuteaz harrituta geratuko zen bat baino gehiago azken asteetan. Dagoeneko datorren urtekoa prestatzen hasiak direlako izan zitekeen, baina, Elgoibarko danborradakoek herritik kanpora eskainiko duten lehen saiorako entseguak egin dituztela da benetako arrazoia. 

 
  Guardia herrian, Araban, antolatu duten estreinako danborradan parte hartzera gonbidatu du bertako Udalak Elgoibarko nagusien danborrada. Guardiako San Juan jaien barruan izango da zapatu honetan, ekainaren 20an.
 Guardiako estreinako danborrada 19:00etan hasiko da: “Ordu eta erdi edo bi orduko iraupena edukiko du Guardiako kaleetan. Ekintza oso garrantzitsua da, Guardian lehenbiziko aldiz joko delako danborrada, eta ohore handia da elgoibartarren eskutik izatea. Eurak pozik daude, eta gu, gehiago”, adierazi du Elgoibarko Udaleko kultur zinegotzia den Iñigo Zearsolok. Guztira 150 elgoibartar inguruk parte hartuko du Guardiako danborradan. Udal Musika Bandarekin batera joango dira Araba aldeko lurretara.
 Guardiako alkateak, Maria Jesus Amelibiak, Trinitate jaietan Elgoibarren egin zen danborradan parte hartu zuen, danborradakoek gonbidatuta.