225 parte hartzaile I. Debabarrena BTT martxa arrakastatsuan

elgoibarren.net 2009ko eka. 29a, 14:59

 
Debabarrenako, Gipuzkoako, EAEko eta Espainiako herrietatik hurbildu zen jendea, 225 lagun guztira, Debabarrena BTT Martxaren estreinako edizioan parte hartzera. Horietatik 38 elgoibartarrak ziren. Antolatzaileak, Debegesa eta Udal Kirol Patronatua, oso gustura daude lehen deialdi honek izan duen harrerarekin, eta hortaz, arrakastarekin. (bideoa eta argazkiak dauzka)

 


  Bai antolatzaileak, bai parte-hartzaileak ere oso gustura daude domekan egin zen  I. Debabarrena BTT Martxa, Euskadiko BTT Zentroen I. Challengearekin.

  Domekako martxan bi ibilbide proposatzen ziren, bata 25 Kilometrokoa eta bestea, 45 Kilometrokoa. Biak Karakate inguruan izan ziren eta nahiz eta bi ibilbideak gogorrak izan, parte-hartzaile guztiek bukatu ahal izan zuten, eta ez zen istripu larririk egon.

  Eskualdeko parte-hartzaile ugari egon zen, baita EAEko toki ezberdinetatik etorritako txirrindulariak ere. Horien artean, Iñaki Lejarreta Errasti bizkaitarra. 2008ko Joku Olinpikoetan, 2001 urteko Munduko Txapelketan eta 2004 urteko Livignoko Munduko Kopan momenturik hoberenak bizi izan zituen txirrindulari famatua. Zaragozatik, Palentziatik, Burgostik… ere hurbildu zen jendea.
  Martxaren amaieran sari-banaketa egin zen: bazkariak, SPArako sarrerak, afariak, asteburuak, Zumaia eta Deba bitarteko Flyschera bisitak, Mutrikuko Hirigune Historikoa eta Bentalekua Museoa ezagutzeko bisita gidatuak, mendiko bastoiak, motxilak, maillotak, kulotak, kamisetak, e.a. Eskualdeko enpresa, jatetxe, turismo bulego, ostatu… ugarik laguntzaile modura parte-hartu zuten Martxan eta beraiei esker sari ugari banatu ziren parte-hartzaileen artean. 

  Bestalde, nahiz eta Martxa lehiakorra ez izan, sei trofeo banatu ziren: Zaragozatik etorritako Jesus Perezek, urrunetik etorritako parte-hartzaileari zegokion saria lortu zuen; Begoña Etxeberria eta Maite Artola,  parte-hartu zuten neska bakarrei; Ander Garate eta Jesus Telleria,  parte-hartzaile gazte eta zaharrenari eta azkenik, Eibarko Txirrindulari Klubari, partaide gehien ekarritako taldea izateagatik.

  Gaztea Irratiaren babesarekin eta CDRren laguntzaz, Gazteako entzule guztien artean mendiko bizikleta bat zozketatu zen. Irabazlea Ander Santesteban izan zen.

  Bestalde, Elgoibarko Kirol Patronatuak eta Degesak, bai Eskualdeko Klubei nahiz boluntario modura lan egin zuten guztiei, 45 lagunetik gora, eskerrak eman nahi dizkiete. “Beraien esfortzua eta lanari esker atzoko I. Debabarrena BTT Martxa arrakastatsua izatea lortu zen. Mila esker guztioi!”.