Arrakastak irentsi du estreinako Pintxo Lehiaketa

elgoibarren.net 2009ko uzt. 1a, 11:30

Gurean Bai Pintxo Lehiaketaren estreinako edizioa arrakastatsua izan da oso, arrakastak ‘irentsi’ zuela esan daiteke. Izan ere, horrenbestekoa izan da jendearen erantzuna, antolatzaile eta tabernarien aurreikuspenak gainditu zituela jende uholdeak barixakuan. Adierazgarria da pintxorik onena aukeratzeko jasotako boto kopurua: 2.134 boto zenbatu dituzte antolatzaileek.
Gaur eguerdian emango dituzte jakitera pintxo onenaren saria eta herritarren saria Pleno Aretoan egingo den ekitaldian. Eta 12:30ean bi pintxo sarituen dastatze publikoa egingo dute arkupeetan, doan.


Nota altuak pintxoentzat

  Herritarrek lehian zeuden hamar pintxoei nota jartzeko aukera zeukaten. Notarik baxuena jaso duen pintxoak 6,53ko batez bestekoa lortu du eta 8,45eko batez besteko nota herritarren gustukoena izan den pintxoak.

Herritarren gustua bat dator epaimahaikideenarekin
  Epaimahaikideek ere zorrotz epaitu zituzten hamar pintxoak zapatu eguerdian egin zuten errondan. Esan beharra dago, epaimahaikoek aukeratutako hiru pintxorik onenak bat datozela herritarrek euren botoen bitartez aukeratutako hirurekin, ordena aldatuta bada ere. Guztira 2.134 balorazio txartel jaso dituzte antolatzaileek, batez beste 200 txartel taberna bakoitzean, eta nahikoa lan eduki dute guztiak zenbatzen. Barixakuan agortu egin ziren balorazio txartel guztiak.

Tabernarien sentsazio gazi-gozoa

Giro aparta egon zen barixakuan herriko taberna eta kaleetan.

  Eskaerari behar bezala aurre egin ezinaz atsekabetuta dago tabernari bat baino gehiago. “Ez genuen horrenbeste jende espero. Aurreikuspenetan huts egin genuen, batez ere barixakuan, eta egoerak gainezka egin ziela onartzen dute tabernariek”, aitortu du Gurean Bai hitzarmeneko teknikariak, Amaia Lasagabasterrek. Tabernariek zapatuan hobeto prestatzeko aukera eduki zutela ere gaineratu du: “Barixakuan ezina zena, gozamen bilakatu zen zapatuan. Horrenbeste jende tabernetan ikusteak eta sortu zen giroak merezi zuen aurrez eginiko behar guztia”.
Tabernariek ohikoak ez diren bezeroen presentzia sumatu zutela ere nabarmendu du teknikariak, alegia, “betiko guneetatik aparte poteoan jardun zutela herritarrek, ohiko poteo guneak zabalduz”. Lehen esperientziatik ikasteko eta hobetzeko asko duten arren, ia guztiak ei daude errepikatzeko prest.
 
Herritarrentzako saria
  Lehiaketan parte hartu duten herritarrek, euren balorazioa emateagatik, saria irabazi ahal izango dute. Parte-hartzaile guztien artean, Belaustegi jatetxean bi lagunentzako dastatze menua zotz egingo dute sari banaketa ekitaldian bertan.