Alfredo Etxeberria: "Krisiaren eraginez murrizketak izango dira datorren urteko aurrekontuetan”

elgoibarren.net 2009ko uzt. 3a, 15:30

{vimeo}5436745{/vimeo}Bi urte pasatu dira Alfredo Etxeberria alkate izendatu zutenetik. Legealdiaren erdia egin du dagoeneko, eta balorazioa egiteko momentua iritsi da. Luze eta zabal berba egin du BARREN astekariak alkatearekin. Besteak beste, orain arte eginikoak eta aurrera begirako asmoak azaldu ditu Etxeberriak. Herritarrek ere izan dute alkateari galderak egiteko aukera. BARRENek eskerrak eman nahi dizkie galderak bidali dituzten guztiei.


Nolakoak izan dira legealdiko lehenengo bi urteak?
Alkate izatea aberasgarria izan da, herrigintzan lan egiteari balio handia ematen baitiot, eta lanpostu hau oso egokia da horretarako. Lehenengo bi urteak, oro har, ondo joan dira. Giro baikorra dago. Legealdi Planarekin giro ona sortu da. Alderdi guztiek hartu dute parte, eta denek egin dituzte euren ekarpenak.

Hala ere, batzuren ustez, Legealdi Planari konkrezioa falta zaio. Zer diozu?

Alkatea udaletxeko arkupeetan.

Ez nago ados. Hasieran alderdi politiko guztiekin egon ginen, eta euren ustez herriak zituen beharrak markatu zituzten. Jaso ziren ekarpen guztiak 22 proiektutan bildu ziren, eta 75 helburu jarri genituen. Txosten hori Udal Plenoan onartu zen. Ondoren, bigarren faseari ekin genion: helburu bakoitza lortzeko zer egin behar den zehaztu genuen. Udal Teknikariekin elkarlanean, Udaleko sailen arteko elkarlana sustatzen hasi ginen, eta hori oso garrantzitsua da. Beti egongo da sail bat ekintza bakoitza gidatzen, baina ekintza bakoitzean zerikusia duten besteen laguntzarekin. Proiektu horiek guztiak 2009-2011 urteen artean burutuko dira. Beraz, Legealdi Planak badauka zehaztasuna, eta herritar guztiei egin nahi diet gonbidapena Udalaren web gunean sartzeko eta plana osorik irakurtzeko. Legealdi Planak jarraipen batzordea dauka, eta hilean behin elkartzen gara. Ezker Batua-Aralar eta Alderdi Popularra izan ezik, gainontzeko alderdiek hartzen dugu parte.

Bete duzue planaren erdia?
Ekintza batzuk egin dira, beste batzuk burutzen ari dira eta beste batzuk burutzeko daude. Ez nuke jakingo zehazten Legealdi Planaren zein portzentaje dagoen abian. Hiru urterako programa da, eta ekintza batzuk luzeagoak dira besteak baino.

Alkate daramazun denboran elgoibartarrak hobeto ezagutzeko aukera edukiko zenuen. Nolakoak gara elgoibartarrak?
Alkate izateak eta elgoibartarrekin lan egiteak, lehen ere banekiena baieztatu dit: herrian ekintzaile asko dago. Kirol eta kultura alorretan, eta baita gizarte alorrean eragile asko dago. Jendeari laguntza eskatu diodan bakoitzean, erantzuna positiboa izan da. Elgoibartarrak ekintzaileak eta partehartzaileak direla esango nuke. 

Erreminta-makinaren mundutik zatoz. Balio izan dizu mundu horretan ikasitakoak Udala gidatzeko?

1706640226234 Alfredo Etxeberria: "Krisiaren eraginez murrizketak izango dira datorren urteko aurrek

Udaleko lanari norberak jartzen dizkio mugak. Ez da enpresa baten moduan, han neurri handi batean eskaerek markatzen dute lana. Udalean edo alor publikoan lanak burutzeko epeak asko luzatzen dira, bete beharreko arautegia dela eta. Mundu pribatutik gatozenoi kosta egiten zaigu horretara moldatzea. Azkenean, ohitu egiten zara, eta beste edozein enpresatan bezala, plangintza egoki bat eginez gero, gauzak ondo joaten dira. Bestalde, bezeroak zaindu eta ezagutu behar diren moduan, hemen herritarrak ezagutu eta zaindu behar dira.

Elgoibarko bigarren indar politikoa legez kanpo dago oraindik. Mekanismorik baduzue horien ahotsa kontuan hartzeko?
Bai, hala da, baina hori ez da gure errua. Egoera horretan bizi gara, baina legealdi hasieran egin genituen egoera horri irtenbidea emateko hainbat batzar, eta lau batzordetan parte hartzen dute: Kulturan, Euskaran, Hirigintzan eta Ongizatean. Bestalde, Hiri Antolaketari buruzko aholkularitza kontseiluan gonbidatu moduan hartzen dute parte. Ahal dugun neurrian saiatzen gara  ezker abertzaleari ateak irekitzen eta euren ahotsa kontuan hartzen. 

Krisiak datorren urteko aurrekontuei nola eragingo die?
Udaleko ekonomia eta etxekoa edo enpresa batekoa berdinak dira. Diru-sarrerak eta irteerak kontrolatu behar dira. Udalaren diru-sarrera garrantzitsuena Foru Aldunditik etortzen da, eta, aurreratu digutenez, aurten jasoko dugun diruaren zati bat itzuli egin beharko dugu. Oraindik ez dute zenbatekoa zehaztu.  Aldi berean, datorren urteko aurrekontuetan diru gutxiago jasoko dugu. 2010-2011 urteak txarrak izango dira. Ondorioz, Udaletik diru-laguntzak jasotzen dituzten elkarteek ere murrizketak izango dituzte. Bestalde, alor sozialean eskaeren eta beharren kopurua asko handitu da, eta alor horretan diru gehiago jarri beharko dugu. Gastu arruntak optimizatu egingo ditugu, eta inbertsioen atalean ejekuzio epeak luzatu egingo dira. Udalak izan ditzakeen diru-laguntza iturriak gehiago lantzen saiatuko da. Neurri batean, Udaleko komertzial lana diru iturri berriak bilatzea eta lortzea da.

Neurri bereziren bat hartuko du Udalak herrian enplegua sustatzeko?

1706640226300 Alfredo Etxeberria: "Krisiaren eraginez murrizketak izango dira datorren urteko aurrek

Foru Aldundiarekin eta Inemekin elkarlanean, proiektu batzuk jarri ditugu martxan. Legealdi Planean ere jaso genuen diru kopuru bat langabetuak kontratatzeko, esaterako, atera dugu hamar langile kontratatzeko deialdia. Horrekin lotuta, mahai sektorial bat sortu dugu, besteak beste, ekintzaileak sortzeko. Hau da, ikasketak amaitu eta enpresa berriak sortzeko gazte ekintzaileei laguntzak emango zaizkie, azken batean, hortik ere lanpostuak sortuko direlako. Bestalde, etorkizunari begira, lanbide heziketa sustatzen ari gara, Elgoibar eta inguruko enpresetarako langileak beharko direlako. Erreminta-makinaren alorrean, jende nagusia jubilatzen denean, erreleboa egiteko jendea prestatzea garrantzitsua da. 

Alkate izendatu zintuztenean, merkadilloaren gaia aztertuko zenuela esan zenuen. Nola dago gaia? 
Orain dela hilabete batzuk plenoan onartu genuen merkadilloari buruzko ikerketa  egitea, eta martxan dago. Ikerketa horretan, ez da merkadilloaren kokapena bakarrik aztertuko: nolako merkadilloa nahi dugun, zein produktu nahi ditugun, zein kalitatekoak, denak gune bakarrean egon behar duen ala herriko hainbat gunetan, zein egunetan… Erantzun beharreko galdera asko daude. Irail alderako izango ditugu emaitzak, eta ondoren hartuko ditugu erabakiak.

Azkenaldian hainbat denda txiki itxi dira erdigunean. Gure denda, gure poza kanpaina jarri duzue martxan. Zertan datza? Herritarrek erosketak herrian egiteko kanpaina da. Erdigunean egin diren obrak ere neurri batean horretara bideratuta daude, eta kontzientzia piztu nahi dugu, herriko merkataritza txikiari bultzada emateko.

Merkadilloa lekuz aldatzeak izan du eraginik erdiguneko komertzioaren gainbeheran? Nire ustez, ez. Merkadilloa astean hiru orduko kontua da, eta herriko merkataritzak askoz ordu gehiago ditu. Hala ere, orain krisiaren zailtasuna gainditu behar dute dendek. Zerbait gehiago eskaini beharko diete bezeroei: eskaintzak, arreta… Promozio kanpaina horrekin, jendea sentsibilizatu nahi dugu, dirua Elgoibarren gastatzeko, baina lidergoa dendak berak hartu behar du.

BARREN euskara sustatzeko proiektua da, eta herritarren iritzia ezagutzeko ikerketa egin du. Zer iruditu zaizkizu emaitzak?

1706640226336 Alfredo Etxeberria: "Krisiaren eraginez murrizketak izango dira datorren urteko aurrek

Emaitzak onak izan dira. Beraz, alde horretatik, zorionak eman behar dizkizuet. Baina idatzizko inkestak jasotako erantzunak harritu nau gehien: oso jende gutxik erantzun du. Deialdia egiteko moduaren arabera, alde handia dago herritarren erantzunean. BARRENek hamasei urte ditu, eta, nire ustez, garai hartan jarritako helburuak berritu egin behar ditu, ezin dira orduko berberak izan. Gestio aldetik, bestalde, hamasei urteren ondoren oso finkatuta egon beharko luke proiektuak herrian: diru sarreretan, notiziak emateko orduan, eta beste alor guztietan.

Kiroldegia handitzeko edo berria egiteko proiektua zertan da?
Bere garaian Elgoibarko kirol instalakuntza eta erabiltzaileen egoera zein zen aztertu genuen: erabilerak, beharrak eta dauzkagun azpiegiturak. Berehala ikusi genuen ur-gunea eta eskubaloi alorra motz geratu zirela. Hortaz, kiroldegia soilik gaur egungo beharretara nola egokitu daiteken aztertu genuen. Orain, Mintxetako gunea eta kiroldegia, biak batera, herritarren beharretara nola moldatu daitekeen aztertzen ari gara. 

Orain dela bi urte, legealdiko proiekturik garrantzitsuena Plaza Txikia izango zela adierazi zenuen. Zertan da gai hori?
Plaza Txikia eta bere inguru guztia aztertzen ari gara: Aita Agirre Plaza, tren geltoki ingurua, Merkatu Plaza, Pilar ikastetxea… Erdiguneko plangintza orokorra egin behar dugu. Hortik ikusiko dugu gune bakoitzak  zein aukera ematen duen, eta, adibidez ,non den egokiagoa aparkalekuak jartzea. Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari gara. Seguruenik, urte amaierarako datu horiek guztiak izango ditugu, eta gero hartuko ditugu erabakiak.

Badago Babes Ofizialeko Etxe gehiago egiteko proiekturik?
Toletxe aurrean Babes Ofizilaeko hamasei etxebizitza egingo dira. Bat bertan bizi ziren herritarrentzako izango da, baina hamabost salgai jarriko dira. Bestalde, Urruzuno inguruan alokairuko edo babes ofizialeko 72 etxebizitza egingo dira. Aurrera begira, etxebizitza gune berri bakoitzean Babes Ofizialeko zenbat etxe egin behar diren arautuko dugu Hiri 0antolamendurako Plan nagusian.

Udalak badauka hutsik dauden etxebizitzei irtenbidea emateko proiekturik?
600 etxe inguru daude hutsik, eta Eusko Jaurlaritzako Bizigune planaren barnean saiatzen gara irtenbidea ematen. Hala ere, plan horretan ezin da edozein etxe sartu, Jaurlaritzak markatzen ditu baldintzak. Une honetan 45 etxe inguru daude Bizigune programarekin alokatuta, eta kopuru nabarmena da Elgoibar bezalako herri batentzat.

Alfredo Etxeberria.

Elgoibar sortu zeneko agiri originalarekin.


Herriko lokalak etxebizitza bihurtzeko baimenik ematen da?
Antolamendurako planean arautuko dugu gai hori. Ordenantza bat egingo dugu, eta horren arabera erabakiko dugu zein lokal bihurtu daitekeen etxebizitza eta zein ez.

Zapatuetan kanpotik etortzen den jendeak herriko hornidurak hondatzen ditu. Udaltzainek zergatik ez dute hori zaintzen?
Jendeak herriko hornidurak hondatzea ez da udaltzainen errua. Kanpotik datozenak eta herritarrak ere izaten dira kalteak eragiten dituztenak. Nire ustez, bakoitzak daukan ardura kontua da. Udaltzainek nahikoa lan egiten dute.

Zapatuetako fenomenoaren jarraipenik egin duzue?
Bai. Zapatu arratsaldetako prebentzio programa indartu egin dugu, eta jende kopuruak behera egin du. Hala ere, botiloia egiten duenak ez dio egiteari lagako, eta beste leku batean egingo du. Elgoibarko kasuan, herrigunetik kanpoaldera mugitu da. Gure herrira Euskal Herri guztitik etortzen da jendea, eta gutxienez bailarako herrien arteko elkarlanean aurkitu behar diogu irtenbidea. Bestalde, istiluak edo lapurretak gaua aurrea joan ahala gehiago izaten dira.

Giza Eskubideen parkea zikina egoten da, eta umeentzako arriskutsua da. Zerbait egiteko asmorik?
Lehentasunen artean ez dago. Badakit orain dela gutxi ume bat erori zela Kiribilen saioan, baina gorabeherak toki guztietan gertatzen dira.

Ubitarteko parkea berritzeko asmorik badago?
Antonio Arrillaga kaleko obrekin batera berrituko da ingurune hori. 2010eko martxoan hasiko dira obrak. Autoen gunea eta aparkalekuak ere landuko ditugu.

Karakate-Irukurutzeta inguruan motorrekin ibiltzea debekatuta dago. Zergatik ez dute debekatzen bide guztian?
Gauza batzuk debekatzea alferrik da. Nor egongo da inguru horretan hori zaintzen? Sarrera hori ezin da mugatu. Hesiak jartzen baditugu, oinezkoentzako ere oztopo izango dira. Bakoitzak hartu behar ditu konpromiso batzuk, baina dena ezin dugu arautu. Espaloi gainean aparkatzea debekatuta dago, baina jendeak aparkatzen du.

Herriko ia auzo guztietan daude umeentzako parkeak, baina Santa Ana kalean ez dago ezer. Zerbait egiteko asmorik?
Santa Ana kalean ez dago lekurik. Babes Ofizialeko etxeen atzeko aldean jarri da gune bat, eta akaso zerbait egin daiteke hor. Oraindik ez digute guri eman gune horren ardura, baina aztertuko dugu.

Sigmako haur-parkea oso egoera kaskarrean dago. Berritzeko asmorik?
Herriko haur parkeak berritzeko plangintza daukagu, eta Sigmakoari ere iritsiko zaio bere eguna.

Albitxuriko industriagunera igotzeko ez dago espaloirik.
Estua da, eta ez dago lekurik. Urruzunoko etxeen obrak amaitzear direnean ahaleginduko gara bidea zabaltzen eta oinezkoentzako prestatzen. Ermuaran-Sallobente aldetik industriagunera doan bidea pribatua da. Enpresa ingurune horretan kokatzeko asmoa daukate, eta eurak hartu zuten bide hori egokitzeko ardura.

Udalak badauka Euskal Herritarra ez den etorkinentzako integrazio planik?
Bai, gure eskaintza guztiak zabaltzeko hainbat gida prestatzen ari gara. Udal zerbitzuak, herri zerbitzuak eta beste hainbat informazio zehazten dira gida horietan. Bi gida argitaratuko ditugu, bata poltsikorako eta bestea sakonagoa. Gida horrek herritar guztientzako balioko du, eta desberdintasun bakarra hizkuntza izango da.

Krisi garaiotan denok gaude gerrikoa estutzera derrigortuta. Are gehiago, nire ustez, arlo publikoan lanean jarduten dutenak exenplua ematearren bada ere. Alkateok demaseko soldata irabazten duzue –bide batez, gustatuko litzaidake jakitea zenbat–. Aurten eduki duzue soldata igoerarik?
Alkatearen soldata zenbatekoa den argitaratu zenuten kargua hartu nuen momentuan. Datu hori publikoa da. Ni eta Udaleko jendea langileak gara, eta bakoitzaren soldata erantzukizunaren eta lan kargaren arabera jartzen da. Beste edozein enpresatan bezala. Soldata hori asko ala gutxi den beste kontu bat da. Hala ere, Udaleko liberatuen soldatak legeak ezartzen ditu. 2009an liberatuen soldatak ez dira igo.

Madalan sartzen dira txosnak?

1706640226469 Alfredo Etxeberria: "Krisiaren eraginez murrizketak izango dira datorren urteko aurrek

Bai. Gune guztia berritzerakoan gauza asko aldatu dira. Kioskoa lehengoa baino handiagoa eta hobea da. Bertan musika emanaldia eskaini dutenek esandakoaren arabera, soinu ona eskaintzen du kioskoak. Bestalde, aldagelak berritu ditugu, argindarraren instalazioa… Eta kioskotik aurrera dagoen gunea lehengoa baino handiagoa da. Beraz, lekua badago. Hori bai, kokapena ez da lehengoa izango, ezingo dira txosnak lehen bezala jarri. Denak lerro batean jarri beharko dira kalera begira, bata bestearen segidan. Txosna bakoitzak bere argindarra, ura eta ur zikina ateratzeko sistema izango du.
 

Dotore joatea gustatzen zaizula igartzen zaizu. Zeuk sortu duzu zure estilismoa ala norbaiten gomendioak jarraitzen dituzu?
Alkate izateak ez du nire itxura aldatu. Lehendik ezagutzen nautenek badakite nolakoa nintzen, eta orain berdin jarraitzen dut.

Zure aurretik izan diren bi alkateek, Gillermo Garatek eta Marivi Agirregomezkortak, atzeko atetik laga zuten alkatetza? Zeuri horrelakorik gertatzeko beldurrik?
Ez dut uste atzeto atetik alde egin zutenik. Adibide moduan, Guillermo Garatek Elgoibarko alkatetza laga zuenean, Eusko Jaurlaritzako zuzendari kargua hartu zuen, eta hori ez da inondik inora atzeko atetik joatea. Orain arte egon diren alkateek lan ona egin dute, Guillermo eta Marivi barne. Lehentasunak zein ziren argi zeukaten, eta horiei erantzun diete. Udala une honetan finantzazio aldetik oso ondo dago, eta baita azpiegitura aldetik ere bai. Eta hori guztia, azken 30 urteetan izan dugun kriterioagatik izan da.

Zer egingo duzu Espainiako banderarekin?
2008ko otsailaren 28an mozio bat onartu zuen Udal Plenoak, eta bertan zehazten zen bezala, herritarren gehiengoari erantzunez, ez genuen Espainiako bandera jarriko. Etorkizunean zer gertatuko den ez dakit.

Osasun Zentroaren eta Kiroldegiaren arteko igogailua egiteko obrak noiz hasiko dira?
2010. urtean egingo da obra hori. Aurtengorako aurreikusita zegoen, baina aurrekontuen gora beherak direla-eta, atzeratu egin behar izan dugu.