“Patera pisuak” atzeman dituzte Elgoibarren

elgoibarren.net 2009ko uzt. 10a, 11:34

Espainiako Poliziak Eibarren bizi den enpresari bat atxilotu du paperik gabeko langileak kontratatu eta esplotatu izana egotzita. Ustezko esplotatzaileak, nazionalitate pakistandarreko M.I. 46 urteko enpresariak, eraikuntzan lan egiten zuten beharginak esplotatzen zituen ustez, 30 bat lagun guztira. Elgoibarren bizi ziren ia denak ugazabak alokatutako pisuetan pilatuta, “patera pisuak” direlakoetan.




 Guztira 30 langile inguruk lan egiten zuten M.I. enpresariaren Defla enpresan, guztiak paperik gabekoak. Espainiak EAEn duen ordezkaritzak jakinarazi duenez, pasa den otsailean hasi zuen Poliziak ikerketa, Defla enpresaren aurkako hainbat salaketetan oinarrituta, eta joan den uztailaren 1ean atxilotu zuten ustezko esplotatzailea. Legez kanpoko langileak esplotatzetik eta patera pisuak errenta altuetatik aberastu dela adierazi dute poliziako iturriek. Enpresariaren ardurapean zeuden langileek konbenioetan ezarritakoa baino soldata baxuagoak jasotzen zituzten eta zergak saihesteko Gizarte Segurantzan alta eman gabe zeuden, alegia, inongo babesik gabe.
 Lanean zituzten baldintzak legez kanpokoak eta eskasak baziren, etxean aurkituko zituztenak ez ziren hobeak. Pilatuta bizi ziren denak, 30 bat lagun inguru, ugazabak Elgoibarren alokatuta zeuzkan patera pisuak.