San Frantzisko kalean 22 farola berri jarri ditu Udalak

elgoibarren.net 2009ko aza. 17a, 14:11

 
San Frantzisko kaleko argiztapena berritu du Udalak, San Bartolome eta Errosario kaleetan, aurrez, egin zuen moduan. Guztira 22 kale-argitako sistema optikoa aldatu dute. Bonbilla berriek argi gehiago ematen dute, biziraupen luzeagoa dute eta, gainera, energia gutxiago xahutzen dute.



1706640043605 San Frantzisko kalean 22 farola berri jarri ditu Udalak

 Ricardo Garate Hirigintza zinegotziak azaldutakoaren arabera, kaleko argi modernoagoak jarri dituzte, “eraginkortasun energetiko handiagokoak”. Orain arte zeuden 250 watt-ko (w) lanparak kendu eta 150 w-koak ipini dituzte. Alegia, sodio-lurrunezko lanparak kendu, eraginkortasun energetikoa hobetu, eta, aldi berean argi-kutsadura murriztuko dute argi berriek. Argi zuria eta erreprodukzio kromatiko onekoa ematen dute farola berriek. 
Argi kantitate bikoitza
  Farola berri bakoitzak ematen duen argi kantitatea (lux-etan neurtzen da) bikoitza da: Berriek 50 lux eta 24 lux zaharrek. Argikuntza maila neurtzeko unitate gisa erabiltzen da lux-a. Nazioarteko erakundeen gomendioen arabera, nahikoa da 20-25 lux bitarteko iluminantzia hiri bateko arteria nagusiak, zirkulazio handikoak, argitzeko. Hiriko beste kaleetarako, horren trafiko handia ez dutenentzat, 10-15 lux gomendatzen dituzte eta 7,5 bizitegi auzoetarako. Argiztatze maila horiekin segurtasuna eta ikusgarritasuna ziurtatuta daude, giza begiak ez baitu hori baino argi gehiago behar ikusteko; argiztatze handiagoarekin begia egokitu egiten da besterik ez.

1706640043664 San Frantzisko kalean 22 farola berri jarri ditu Udalak

 Kantitatea bakarrik ez, ematen duten argiaren kalitatea ere hobea da farola berrietan. Erreprodukzio kromatikoa, esaterako, %25 zen zaharretan eta %83 berrietan. Bereizmena neurtzen duen kolore tenperatura ere hobea dute argi berriek. 2.000 gradu kelvinetik 2.800 gradu kelvinetara egin dute hobera. Koloreak hotzagoak direla esan nahi du honek eta, ondorioz, giza begiek askoz hobeto ikusten dute. Itsualdia gehiago eragozten dutela da kale-argi berrien beste abantaila bat. Bonbila bistan beharrean farola barruan sartuta dagoenez, itsualdi edo liluratzea txikiagoa da.
Biziraupen luzeagoa
 Lanpara berriek daukaten beste ezaugarri bat kristalik gabeak direla da. Izan ere, lanparak igortzen duen argitasunaren %20 gutxitzen zuten kristalek. Oro har, kaleko argiaren uniformetasuna hobetu du argiztapen berriak. “Lehen hutsune gehiago zegoen farolatik farolara. Orain, aldiz, leku gehiagotara ailegatzen da argia eta indar handiagoz, gainera”. Farola berrietako argiztapen sistemek 20.000 orduko bizi-iraupena dute.