Euren ustez, Urasandi Berri leku egokiagoa da horrelako eraikin batentzat: “Pilarren egingo duten eraikuntza erabat bertikala izango da. Sei edo zazpi solairu izango ditu eta Foru Aldundiak zaharren egoitzetarako duen irizpidea ere ez du betetzen. Ospitaleak eta eskolak horizontalak izan behar dira, Foru Aldundiaren irizpideen arabera”. Horrez gain, sarrera arazoak izango dituela adierazi dute, eta euren ustez ez da erosoa izango hirugarren adinekoentzako. Hori guztia kontuan izanik, ezker abertzaleko kideen iritziz, eraikin horizontala egiteko aukera hobeak eskaintzen ditu Urasandi Berrik: “Zergatik ez Urasandi Berri erabili eraikuntza horizontalago bat egiteko, gune berde handi batekin, eta Pilarreko orubea etxeak egiteko erabili?”. Pilarreko gurasoen elkarteak eta Gotzaitegiak, baina, zaharren egoitza egiteko baldintzarekin utzi zuten ikastetxea dagoen gunea Udalaren eskuetan.
Bide batez, arau subsidiario berriak onartu arte, herriko proiektu handiak gelditzeko eskatu dio ezker abertzaleak Udalari. “etorkizunean eragin handia izan dezaketen erabakiak arau berriak onartu ondoren hartu behar dira” adierazi dute.
- Informazio gehiago: Elgoibarko ezker abertzaleak gai honen inguruan duen iritzia bere blogean plazaratu du xehetasun gehiagorekin.