Azaroko ferian okela gisatua prestatuko dute hamar elkartek

elgoibarren.net 2009ko aza. 19a, 17:32

 
Hamar elkarte gastronomikok parte hartuko dute hileko azken zapatuko ferian, azaroaren 29an, egingo den Topaketa Gastronomikoan. Elgoibarko baserrietako produktuekin egindako okela gisatua prestatzea izango da euren egitekoa. Sanlo eskubaloi taldeko kideena, berriz, razioak saltzea. Lortutako dirua eskubaloi taldearentzat izango da.

 
 Elkarteen arteko Topaketa Gastronomikoa izango da, hortaz, hilabete honetako berezitasuna. Udalak, Zubi Ondo eta Gure Bide elkarteekin batera antolaturiko ekimena da hau. Izena eman duten elkarteak honakoak dira:
  • Gure Bide        Zubi Ondo
  • Karakate          Casa Galiza
  • Bihar Dana       Sallobente
  • Kalamua          Baltasar
  • Ego-Toki          Herri Gain
 Topaketa Gastronomikoa, Nafarroa Plazan egingo da eta elkarteak goizeko 9:00etan hasiko dira lanean. Hamar elkarteek prestaturiko okela gisatua herritarrek dastatu ahal izango dute 12:00etatik aurrera. Sanlo eskubaloi taldeko kideak arduratuko dira gisatuarekin eginiko pintxoak saltzeaz.
 Gainera, Feriak ohiko egitaraua izango du: 12:00etatik aurrera Kale Kantariak izango dira eguna girotzeko eta arratsaldean aldiz, Ganadu eta Baserriko tresneriaren salerosketa izango da Plaza Txikian. 
Baserrietako produktuak sustatu
  Feria indartzeko helburuarekin, urte osoan zehar, zenbait ekintza antolatu dituzte Elgoibarko Udalak eta Debermenek; besteak beste, Feriako baserritarren produktuak erosteagatik Herri Antzokira joateko sarreren zozketak, herri kirolak, Mausitxa eta Txillarreko produktuen dastaketa, Baserriko Menua,… Asmoa da ekimen hauek Feria eguna girotzen laguntzea eta baita Elgoibarko baserrietako produktuak sustatzea ere.
 
Lotura duten albisteak:
 
*Argazkia: elgoibar.org