“Nire lehenengo haurdunaldiari buruzko testigantza bat da. Inork ez dezala pentsatu haurdunaldiari buruzko liburu entziklopedikoa edo medikuntza ikuspuntutik idatzitako liburua denik! Oso pertsonala da. Haurdun zaudela jakiten duzunean –prediktorrean bi marra arrosa azaltzen diren momentuan hasten da liburua- sortzen diren kezkak, beldurrak, pozak eta galderak jaso ditut. Bederatzi hilabeteko diario modukoa da” azaldu du idazle eta kazetari elgoibartarrak.
Haurdun geratu zenean bere kezka eta zalantzak argituko zituen liburuen bila hasi zen, eta euskaraz ezer gutxi zegoela idatzita konturatu zen. Hutsune hori betetzeko asmoz idatzi du “Bi marra arrosa” liburua.
•Libururik zailena eta errazena
Libururik zailena eta aldi berean errazena izan dela aitortu du Osorok. “Erraza izan da nire bizipenak direlako, eta ez neukalako ezer sortu beharrik. Baina aldi berean zaila, nire bizitza delako; nirea eta nire bikotekidearena. Noraino kontatu?”. Azkenean, “gehiena” kontatu du.
•Poza eta beldurra
Haurdun zegoela jakin zuenean lehenengo poza eta gero, “hotzean pentsatzen duzunean”, beldurrak eta kezkak direla nagusi dio elgoibartarrak. “Ezjakintasunak alde batetik ilusioa ematen du, baina beste alde batetik, kezka. Eta, ez daukazu sortzen diren galdera guztietarako erantzunik. Bat-batean, zu izango zara beste pertsona baten erantzulea eta horrek bertigoa ematen du. Peter Pan sindromea ahaztu, eta heldu bihurtu behar duzula konturatzen zara”.
Ama izatea gauzarik onenetarikoa dela berresten du idazleak. “Gogorra ere bada, baina ume batek ematen duena, ez du beste ezerk ematen”. Gainera, bere ustez, umeak hazten eta ikasten ari diren heinean, mundua deskubritzen dute “eta zuk eurekin batera deskubritzen dituzu berriz, gauza txiki pila bat. Eta, azken batean, detaile txikiek ematen dute zoriontasuna”.
- Izenburua: ‘Bi marra arrosa’
- Idazlea: Jasone Osoro.
- Argitaletxea: Txalaparta.
- Bilduma: Amaiur
- Generoa: Testigantza
- Orrialde kopurua: 120.
- Salneurria: 15 €.
∞Lotura duten albisteak:
- ‘Ezekiel’, Jasone Osororen azken eleberria (2009-10-15 elgoiBARREN.net)