Aurrekontuak behera egin du bigarren urtez jarraian, % 14,95 txikiagoa da aurten

elgoibarren.net 2009ko aza. 26a, 13:07

Udalak 2006an onartu zuen aurrekontuak 2010erako balioko luke. Onartu berri duten 14 bat milioi euroko aurrekontua luxurik gabeko aurrekontua, “apala” dela adierazi du Bittori Zabalak, Ogasun Saileko zinegotziak. EAJk eta PSE-EEk onartu dute aurrekontua eta Gobernu Taldean dagoen EA abstenitu egin da, baita EB-Aralar eta PP ere.


 Udalak 14.340.734 euroko aurrekontua izango du datorren urtean, hau da, 2009koa baino %14,95 txikiagoa. Horrez gain, Kirol Patronatuak 1.067.577 euroko aurrekontua izango du (2009an baino %4,72 gutxiago), eta San Lazaro egoitzak 1.386.775 eurokoa (2009an baino %3,05 gehiago).

 Bittori Zabala, Ogasun Saileko zinegotziaren arabera, gastu arrunta %10 gutxitzen ahalegindu dira, eta aldi berean, legegintzaldiko proiektuei lehentasuna eman diete. Sarreren atalean, zerga eta tasak izoztu egin dituzte, zabor zergena izan ezik (%6,4 igoko da). Bestalde, eraikuntzaren gaineko zergek eta aprobetxamendu urbanistikoetatik lortzen diren sarrerek nabarmen egingo dute behera. “Eraikuntzaren beherakadaren isla baitira”, esan du Zabalak. Gastuari dagokionean, Udaleko langileen soldatei Udalhitz hitzarmenak ezarritako igoera aplikatuko diete (%1), eta politikarien ordainsariak izoztu egin dituzte, bigarren urtez jarraian.

Inbertsio garrantzitsuenak

Aiastia-San Migelera edateko ura eramateko lanetan 700.000 euro inbertituko ditu Udalak.

 Hirigintza Sailak egingo dituen inbertsioen artean, Aiastia-San Migelera edateko ura eramateko lanek izango dute diru gehien. 700.000 euro inbertitzeko aurreikuspena egin dute. Horietatik, 300.000 Foru Aldundiak ordainduko ditu, Gipuzkoako Urak enpresak, beste 300.000;  gainerakoa bizilagunek jarriko dute. Bestalde, 40.000 euro erabiliko dituzte Ermuaran-Sallobenteko bidegorriaren proiektua idazteko, 100.000 euro King-kong inguruko barandak berritzeko, eta 110.000 euro Altzolan inbertituko dituzte.

Aurrekontu apala
  Udalak 2010erako onartu duen aurrekontua “apala” dela adierazi du Bittori Zabalak. Bizi dugun egoeraren ondorioz, “gerrikoa estutzea tokatzen zaigu”, gaineratu du. Hala ere, Udalaren egoera ekonomiko-finantzarioa oso saneatua dagoela gaineratu du. 2010ean amaituko dute maileguaren amortizazioa, eta orduan, Udalaren zorpetze maila zero izango da.

Abstentzioen arrazoiak

1706640013510 Aurrekontuak behera egin du bigarren urtez jarraian, % 14,95 txikiagoa da aurten

 EAren abstentzioa aurrekontuak aztertzeko eduki duten “denbora faltan” egon dela argudiatu du Jon Peli Uriguen EAko zinegotziak. “EAJk denbora gutxi laga digu euren proposamena sakonago aztertzeko. Gure ardurapean dauden Euskara eta Kultura sailetakoak bakarrik landu ahal izan ditugu. Gainerakoak EAJk osatutako aurrekontuak dira”.

 “Aurkeztutako kontuak ez dira errealak, sinesgaitzak baizik” adierazi zuen Izaskun Soraluzek EB-Berdeak/Aralar koalizioaren izenean. PPko zinegotziak, Francisco Javier Nuñezek, Ongizate eta Kultura saileko aurrekontuak handitzearen alde egin zuen “eta ez izoztu edo txikitu, egin duten moduan”.