Urruzunoko babes ofizialeko 71 etxeren zozketan parte hartzeko deialdia

elgoibarren.net 2009ko aza. 30a, 15:17

 
Urruzunon eraikiko dituzten Babes Ofizialeko 71 etxeren zozketa datorren urtean, “urria aldera” egingo dela aurreratu du Alfredo Etxeberriak. Zozketan parte hartu ahal izateko azaroaren 11rako Etxebiden apuntatuta egon behar zen, baina zozketa Elgoibarren egingo denez, epe hori abenduaren 31ra arte luzatzeko eskatu du Udalak. 

 
 Etxebidek kudeatuko ditu zerrendak eta zozketa bera. Elgoibarko alkateak azaldu duenez, zozketa urrian egiteko moduan izatea espero dute. Grupo Eibar enpresa-etxegilea zozketa egin eta gero hasiko da etxeak eraikitzen. Sustapen askeko 124 etxebizitzen (infograman) ondoan egingo dituzte babestutakoak (infograman grisez, sustapen askekoen jarraian, ageri den eraikina).
333 eskari Etxebiden
 Zozketan lehentasuna edukiko dute bi urtez Elgoibarren erroldatuta daudenek eta 35 urtetik beherakoek. Izan ere, etxeen %80, alegia 57 etxe, izango dira 35 urtetik beherakoentzat. Etxebiden, une honetan, Elgoibarren erroldatuta daudenen 333 eskari daude. Horietatik 266 eskari etxea erostekoak dira eta 177 eskari alokairuan hartzeko prest daudenena.

Izena emateko
  Erregimen orokorreko babes ofizialeko 71 etxebizitzen zozketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da 2009ko abenduaren 31 baino lehen Etxebide Etxebizitzen Eskari Erregistroan izena ematea.
  • Interesatuek izena emateko orriak www.etxebide.info web gunean jaso ditzakete. Baita Donostia Andia k/13an, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren Lurralde Ordezkaritzan ere, eta epe horren barruan Elgoibarko Euskadiko Kutxako edo Kutxako bulegoetan aurkeztu beharko da, edo, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Ordezkaritza bertan, legez jarritako eran posta bidez bidal daitekeenaren kaltetan gabe.
Oinezkoentzako pasabidea
Trenbide azpian, oinezkoentzako pasabide bat egiteko ardura ere edukiko du Grupo Eibar enpresak. Toletxe ingurua eta Gabriel Krutzelaegi kalea lotuko ditu pasabideak. Hain zuzen ere, haurrentzako asialdirako ekipamenduak, gaztelekua eta ludoteka, dauden tokiaren parean. Lanak amaitzeko 2011ra arteko epea izango du, gehienez ere, enpresa etxegileak.

Etxe gehiago Toletxe inguruan
 Upaiz Zaharra kalean, Herriko Antzokiaren parean, eraiki dituzten azken etxeak eta Toletxeko dorrearen artean dagoen lur zatian babes ofizialeko etxe gehiago eraikitzeko asmoa dagoela aurreratu du alkateak. “16-20 etxe izango dira ziurrenik. Datorren urterako izatea gustatuko litzaigukeen arren, oraindik ez dago erabat lotuta”.