Aingeru guardakoaren bila

elgoibarren.net 2009ko abe. 2a, 12:04

 
Emakume bati soinean zeraman poltsa ostu zioten hiru ezezagunek zapatu gauean. Gabriel Krutzelaegi kaleko bizilagun batek zuzenean ikusi zuen erasoa bere etxeko leihotik eta udaltzainei deitu zien. Lapurreta jasan zuen emakumeak eskerrak eman nahi dizkio “aingeru guardako” ezezagunari.



 “Bere leihotik lagundu zidan emakumea zein izan zen ezagutzea gustatuko litzaidake, eskerrak eman ahal izateko” azaldu dio elgoiBARREN.neti bere nortasuna ezkutuan mantentzea nahiago duen emakume elgoibartarrak. Lapurrak uxatzen saiatu zen “lehena eta bakarra” izan zela gaineratu du.
 Hiru lagunen artean poltsan zeraman guztia: nortasun agiria, dirua, txartelak, giltzak, e.a. ostu zizkiotela azaldu du kaltetuak. Udaltzainei abisua eman ondoren ere asko lagundu ei zion emakumeak lapurretaren biktimari “Normala denez oso-oso urduri nengoen eta behin eta berriz errepikatzen zidan bere leihotik lasai egoteko, laster ailegatuko zela-eta polizia. Gaueko hamaikak ziren eta jende gutxi zebilen inguru horretan. Gero bai, emakumearen laguntzari esker, jende dezente hurbildu zen zer gertatzen zen ikustera eta niri laguntzera, baina une latzak pasa nituen”.

 Lapurretaren biktimak bere telefonoa laga du BARRENeko erredakzioan, lagundu zion emakumea berarekin kontaktuan jar dadin, hala nahi badu.
 
Lotura duten albisteak: